ELAk, Gipuzkoako Adinekoen egoitzetan greba mugagabea deitzea erabaki du maiatzaren 13tik aurrera

2013/04/17
ELAren iritziz, sei hilabeteko negoziaketa eta hiru greba egunen ondoren, onartezina da, LARES patronalak Diputazioaren proposamenean (lau sindikatuak onartua) agertzen diren eduki ekonomikoen onarpena honekin etorkizun batean egin beharreko negoziaketara baldintzatuta dagoela adieraztea.

 

Atzoko egunez, apirilak 16, Gipuzkoako Adinekoen egoitzetako mahai negoziatzailea burutu zen. Deialdiaren xedea, LARES enpresaburuen elkargoak, gatazka desblokeatzeko egin behar zuen proposamenean zetzan. Baina, aipatu proposamena sektoreko langileak gehiago haserretu dituen pausua besterik ez da izan. Egun, onartezina deritzogu, kostu ekonomikoa duten edukiak, egindako proposamen horretan, soilik enuntziatzea. Sei hilabeteko negoziaketa eta hiru greba egunen ondoren, onartezina da, LARESek Diputazioaren proposamenean (lau sindikatuak onartua) agertzen diren eduki ekonomikoen onarpena GFArekin etorkizun batean egin beharreko negoziaketara baldintzatuta dagoela adieraztea.

ELArentzat, jazoera honek hasieratik LARESen proposamena deskalifikatzen du. Gure ustez, negoziaketa luzatzea eta baldintzak beherantz botatzea beste helbururik ez duen proposamena baita. Baina, are eta larriagotzat jotzen dugu, eduki ez ekonomikotan egiten duen proposamena. LARESek hitzarmenaren ultraaktibitatea mugagabe izatea ez du onartzen ezta ere, hitzarmen sektorialaren aplikazioa enpresetan bermatzea (larria benetan, jakinda, soilik, enpresa hitzarmenetan lot dezakegula negoziatua aplikatzea eta erreforma ekiditea).

Subrogazio klausula partziala planteatzen du. Honek, ez du langileen subrogazioa bermatzen ezta ere hauen lan baldintzak, zerbitzua kudeatzen duen enpresa aldatuz gero. Proposamen hau, Langileen Estatutuarekin kontraesanean erortzen da eta erabat neurriz eta legez kanpokoa da.

Gainera, enpresa paktuen desagertzea proposatzen du, langileen erdiak soldatak eta eskubideak galtzeko. Baita ere, derrigorrezko arbitraietan parte hartzeko eskubidea eta soldatak ez aplikatzeko klausulak mugatu eta ezabatu nahi ditu. Plaza pribatuak dituzten lan zentroetan, % 10ko landaldi malgua inposatzeko proposamena ere luzatzen du, sektoreko langileentzat erabat onartezina den baldintza hau ere. Eta, hau guztia nahikoa ez eta lanaldi partziala duten langileek, enpresan sortzen diren lanpostu hutsuneak betetzeko, beren lanaldia handitzea ukatzen dien proposamena ere luzatzen dute. Patronal honek, ehunka langile kontratu partzialen bidez prekarietatean lan egitera kondenatu nahi ditu.

Laburbilduz, ELArentzat, proposamen hau, ADEGI bezalako patronal asegaitza asetzera bideratuta dago eta ez GFAk egindako proposamenari erantzun irmo eta tinko bat ematera. ELAn garbi dugu, atzoko proposamena, ADEGIrekin adostua eta itundua izan dela eta, horregatik, LARES patronala bere proiektu propioa izan ordez ADEGIren marka zurian bihurtu dela uste dugu. Proposamenaren eduki anitz, ADEGIk azken hamar urteetan izandako posizioetatik literalki hartuak izan dira. Beraz, LARESen jarrera, multinazional gogorrenarekin parekatzen dugu eta ez, gizarteari zerbitzua eskaintzen dion irabazi asmorik gabeko elkargo edo fundazioek izan beharko luketenekin. Ez da bateragarria, LARES lan erreformaren aurka azaldu eta aldi berean proposamen hau aurkeztea.

Egoeraren larritasunak hala eskatuta eta behin, LARESen proposamena bere osotasunean aztertu eta Gipuzkoako ordezkarien batzarrak hala erabakita, ELAk, sektorean % 56ko ordezkaritza izanik, Gipuzkoako egoitza, eguneko zentro eta pisu babestuetan greba mugagabea deitzea erabaki du, maiatzaren 13tik aurrera. Azkenik, adierazi LARESek bere jarrera aldatuz gero eta baldin eta erakunde sindikal honekin akordioa nahiko balu, nahi ta nahiez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren proposamenaren eduki guztiak onartu beharko dituela, edukiak okertzeko negoziaketari uko eginez eta aipatu edukiak lan zentro bakoitzean enpresa hitzarmenen bidez berretsi beharko dituela.