Aurreko urteetan bezala, Eusko Jaurlaritzaren 2012ko aurrekontuak ere murrizketekin datoz
Amaia Muñoa, idazkari nagusiaren-albokoa, eta Mikel Noval, arlo sozialeko arduraduna, azaldu dute Bilbon aurrekontuen inguruko iritzia. Muñoak azpimarratu du aurrekontuak enpresarien nahia betetzen dutela, eta arlo publikoaren zeregina krisialdi honetan nabarmenki murrizten duela, irtenbide solidario oro eragozten duten bitartean.
Bere esanetan, krisialdi egoera honetan ezinbestekoa da inbertsio publikoa handitzea eta horretarako fiskalitatearen aldaketa eskatu du. “Presio fiskala handitu egin behar da, aberatsei eta kapitalei eman zaizkien opariak beren onera ekarriaz eta dagoen itzelezko iruzurrari jazarriz”.
Mikel Novalek azaldu du aurten, 210ekoekin alderatuz, 644 miloiko murrizketa emango dela eta eragina izango duela, batez ere, hezkuntza eta osasungintza sailetan. Era berean, txirotasunaren aurka jarritako diru kopuruak nabarmenki murriztu direla, esan du. “Kale gorrian eta lanik gabe geratzen diren pertsonei laguntzak murriztuko zaizkie modu nabarmen batean eta hori onartezina da”.
Eusko Jaurlaritzaren 2012rako aurrekontu proiektuak, zehazki, 9.516 milioi euroko gastua jasotzen du. Gastu publikoak Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomian duen pisua, 0,8 puntu jaitsiko da.