UDALHITZ

Urriaren 8ko greba ezinbestekoa da Eudelek sektoreak eskatzen dituen edukiak mahai gainean jartzeko

2026/09/11
Urriaren 8ko greba ezinbestekoa da Eudelek sektoreak eskatzen dituen edukiak mahai gainean jartzeko
Eudelek etxeko lanak egin gabe jarraitzen du eta ez dira ia aurrera pausik egon ordainsarietan, Euskeran, subrogazioan, lanaldian eta langileen erreleboan. Honen aurrean, ELAk grebak eta mobilizazioak bide bakarra direla uste du.

Gaur goizean bildu da 2026-2027 ikasturteko lehen negoziazio-mahaia, eta tamalez, joan den ikasturtean bezala jarraitzen du. Eudelek berriro erakutsi du ez duela negoziatzeko borondaterik. Azken mahaia egin eta bi hilabetera, Eudelek hiru puntu berri baino ez ditu eman:

  1. Ez du ezer zehazten euskarari buruz. Testu berrian, legeetan esaten dena islatzen da, baina neurri zehatzik gabe. ELAk argi dauka: euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea gauzatzeko, bi hizkuntza ofizialak parekatu behar dira eta, horretarako, lanpostu guztietan euskararen erabilera gauzatzeko neurriak behar dira.
  2. Ez da subrogazio-eskubiderik aitortzen. Ez da eskubide gisa gauzatzen, aztertu beharreko planteamendu bat baino ez da. Puntu honetan, EH Bilduk beste planteamendu bat egin du, ELAk aztertuko duena, baina lehen irakurketa batean positiboa izan daiteke.
  3. Eudelek Eusko Jaurlaritzaren Gazteberritzeko plana proposatzen du, zuzenean, negoziaziorik gabe. ELAri horrek ez dio balio, eta, gainera, Eudelek blokeatzen jarraitzen duen txanda-kontratuari buruz hitz egin behar da.

Hortik harago, ez dago neurririk soldatetan. ELArentzat onartezina da hori. Negoziazioa hasi eta ia 2 urtera, ez dago proposamen zehatzik sektoreak jasan duen erosteko ahalmenaren galerarekin amaitzeko. ELAk gogorarazi du negoziazioaren hasieran Eudelek Madrildik zetozen murrizketak ez onartzeko konpromisoa hartu zuela. Hori ez da gauzatzen ari, eta neurri berriak hartu behar dira ordainsarietan, gatazka konpondu nahi bada.

ELAk uste du EAEko udal-sektorea borrokan ari den une honetan, Eudelek hausnarketa sakona egin behar duela. Datorren urriaren 8an greba egingo da eta sektorearen aldarrikapenak argi daude. Bada garaia mugitzeko eta edukiak negoziazio mahaira ekartzeko.