ADMINISTRAZIO PUBLIKOAK

Tramitera onartu dute ELAk eta CIGek Espainiako Gobernua, UGT, CCOO eta CSIFen aurkako demanda

2026/03/05
Tramitera onartu dute ELAk eta CIGek Espainiako Gobernua, UGT, CCOO eta CSIFen aurkako demanda
Soldata-igoera negoziazio mahaitik kanpo erabaki zuten, Euskal Herriko eta Galiziako langile publikoen negoziazio kolektiborako eskubidea urratuz. ELAk salatu du euskal erakundeek akordioa bere egin dutela, eta, horrekin, beren langileak pobretzen dituztela eta autogobernuaren higaduran sakontzen dutela.

Administrazioaren Auzien Auzitegi Zentralak tramitera onartu du ELA eta CIG sindikatuen errekurtsoa, Euskal Herriko eta Galiziako langile publikoen negoziazio kolektiborako eskubidea urratu zelako. Errekurtsoaren arabera, Espainiako Gobernuak eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek, besteak beste, langile publikoen soldata-igoera adostu zuten Estatuko negoziazio-mahaietatik kanpo. Legeak dio gai hori mahai horretan negoziatu behar dela. Beraz, Euskal Herriko eta Galiziako sindikatu nagusiek demanda bat aurkeztea erabaki zuten.

Gainera, ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Udalek eta Foru Aldundiek bere egin dutela akordio hori, eta horregatik autogobernua higatzen dute, negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen dute eta Euskal Herriko langile publikoak pobretzen eta kaltetzen dituzte. ELAk Euskal Herriko erakundeei exijitu die pausoak eman ditzatela soldatak, enplegua eta langile publikoen lan-baldintzak hemen erabakitzeko.

ELAk azpimarratu du demandaren helburua ez dela soldata-igoera geldiaraztea, baizik eta Euskal Herriko eta Galiziako langile publikoen negoziazio kolektiborako eskubidearen urraketa salatzea eta langile publikoen lan-baldintzak hemen negoziatzea eta erabakitzea defendatzea.

Azkenik, ELAk dei egin die langile publikoei martxoaren 17ko grebarekin bat egiteko, gutxieneko soldata eta zerbitzu publikoak hemen erabaki daitezen.