ELAk ez ditu ontzat emanen Nafarroako Administrazioko burutza-izendapenak, harik eta haietako bakoitzaren beharrezkotasuna egiaztatzen den arte

2016/12/19
ELAk erabaki du ontzat ez ematea Nafarroako Gobernuaren dokumentua —foru-administrazioko burutzak hornitzeari buruzkoa—, burutza-mapa arrazoizkoago bihurtzeko azterlana egiten ez den bitartean. Izan ere, ELAk abiapuntu hori ezarri zuen, lehenagoko gobernuen arbitrariotasuna alde batera uzteko. Burutza horietako zein den benetan beharrezkoa erabakitzea are garrantzi handiagokoa baita, nola beteko diren arautzea baino; eta hori orain arte ez da bermatu.

Azken hilabeteotan Nafarroako Gobernua negoziazioetan ari izan da, foru-administrazioko burutzak izendatzeko arauak aldatzeari begira.

Arestian Administrazioak bere azken dokumentua aurkeztu du, ELAren sostengua merezi izan ez duena. Edonola ere, ELAk aitortzen du aitzinamendu nabariak egin direla atal eta negoziatuetako burutzak hornitzeko prozeduretan, eta begi onez ikusten du gure proposamenetako batzuk jasota izatea, besteak beste, pertsonalaren iritzia aintzat hartu izana edota burutza-aldian zehar ebaluazio-metodoak ezarri izana.

Hala ere, garrantzi handiagokoak dira sostengurik ez emateko arrazoiak, ez baita egin beharrizanen azterlana, burutza-mapa arrazoizkoago bihurtu behar zuena, eta ELAk, lehenagoko gobernuen arbitrariotasuna alboratzeko, abiapuntu gisa ezarri zuena.

Orobat, aldaketa horretan ez da jaso gure eskakizunetako beste bat: kargu horiei dagozkien lansariak berdinak izatea, kargudunek plantilla organikoan duten administrazio-maila kontuan hartu gabe. Bestela errateko, lan berdinagatik soldata berdina (aldaketa handia izanen zen, baita ere, arau hori hedatzea zerbitzu-zuzendaritzen eta idazkaritza orokor teknikoen hornikuntzara).

Aipaturiko guztia dela-eta, eskatzen diogu Gobernuari asmo hori berriz aztertzeko, parte hartzeari irekitako mahai bat eratzeko, eta egin beharreko azterlana egin ondoren, zuzendaritza-postuen benetako beharrizanak zehazteko.