Langabeziak eta prekarietateak neurri handiagoan eragiten die emakumeei
Enplegu Zerbitzu Publikoaren datuek 2016ko ekainean 184.083 pertsona langabezian izen emanda daudela adierazten dute Hego Euskal Herrian, aurreko hilabetean baino 5.105 langabe gutxiago eta urtebete lehenago baino 15.733 gutxiago.
Langabeziak neurri handiagoan eragiten die emakumeei. Langabetuen % 55a emakumeak dira, enplegua dutenen artean % 46,7a besterik ez direnean.
Gobernuek langabetuak alde batera utzi dituzte. Hego Euskal Herrian 118.129 pertsona daude langabezian eta inolako prestaziorik gabe, hau da, langabetuen % 62,4a. Eta kotizaziopeko prestazioa jasotzen dutenak guztien % 19,7 besterik ez dira (gainontzekoek 426 euroko subsidioak kobratzen dituzte).
Prestaziorik jasotzen ez duten langabetuak % 59,6tik %62,4ra hazi dira azken urtean. Zentzu honetan azpimarratzekoa da langabeziak % 7,8 behera egin duen bitartean, langabezia prestazioetako gastua % 11,6 murriztu dela.
Hau da egungo errealitatea, enplegurik ez dutenek gero eta egoera zailagoa bizi dute, eta enplegua dutenen baldintzak okertzen ari dira etengabean, behin-behinekotasuna (kontratu guztien %93,1a aldi baterakoa da) eta partzialitatea (5 enplegutik 1 partziala da, ia 3tik 1 emakumeen kasuan) handiagoak ezarriz.