EUSKO JAURLARITZA

Lanuztea ekainaren 16an, hitzarmen duin baten alde

2026/05/26
Lanuztea ekainaren 16an, hitzarmen duin baten alde
ELAk eta LABek salatu dute negoziazioan ez dagoela benetako aurrerapenik, eta langileei mobilizazioetara deitu dituzte lan baldintza duin eta eguneratuen alde.

ELAk eta LABek hiru orduko lanuztea deitu dute datorren ekainaren 16rako Eusko Jaurlaritzan, negoziazio kolektiboan benetako aurrerapenik ez dagoelako eta langileen aldarri nagusiei erantzunik eman ez zaielako. Gaur egun indarrean dagoen hitzarmena duela 15 urte sinatu zen, eta ordutik lan baldintzak beste administrazio batzuetakoen atzetik geratu dira.

Sindikatuen arabera, denbora honetan administrazioak langileen kalterako alde bakarreko erabakiak hartu ditu; besteak beste, lan-poltsen kudeaketa arbitrarioa, adinarekin lotutako neurrien blokeoa, lan eskubideen aurkako erasoak, C1 eta C2 taldeen berrantolaketa, euskararen babes falta edo hainbat lan gatazkaren kudeaketa txarra, hala nola Ibaiondo, Eustat eta ikastetxeetako gatazkak.

Aurkeztutako aldarri nagusien artean daude urteko eta asteko lanaldiaren murrizketa, erosahalmena berreskuratzea Euskal Herrian negoziatutako soldata igoeren bidez, euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzea, adinari lotutako neurriak ezartzea, benetako kontziliazio eta ordutegi neurri berriak eta lan osasuna lehentasun bihurtzea.

Bi sindikatuek ohartarazi dute administrazioak jarrera bera mantentzen badu mobilizazioek jarraipena izango dutela. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako langile guztiei dei egin diete lanuzteekin bat egin eta mobilizazio dinamikan aktiboki parte hartzera.