Gipuzkoako erresidentziak

Greba eta mobilizazioekin jarraitzen dute hitzarmenaren alde

Greba eta mobilizazioekin jarraitzen dute hitzarmenaren alde
M17ko greba orokorrarekin bat egin ondoren, sektoreko langileek hemeretzigarren greba-eguna egin dute gaur; greba mugagabean dauden zentroetakoek, 129. manifestazio jendetsua egin dute Errenterian, Foru Aldundiari behingoz gatazkaren konponbidea eskatzeko.

Gaur, Gipuzkoako erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileak kalera atera dira berriro. 19 greba egun daramatzatenek, eta greba mugagabean dauden zentroetako langileek Errenteriako kaleak zeharkatu dituzte, gatazka behingoz konponduko duen hitzarmena aldarrikatzeko.

Negoziazioak duela 14 hilabete hasi ziren, baina Matia, Adegi eta Lares patronalek ez dute proposamenak egiteko gaitasunik erakutsi eta mahaia blokeatuta dago. Manifestariek salatu dutenez, Aldundia da blokeoaren eta gatazka luzatzearen erantzulea, zerbitzua finantzatzen duelako eta arduraduna delako.

5.000 langile dituen sektore honetan, gehienak emakumeak dira, eta ia erdiek borondatezkoak ez diren kontratu partzialak dituzte. Horrek egoera ahulera eramaten ditu emakume langileak, eta asko dira atzoko greba orokorrean aldarrikatu zen 1.500 euroko gutxieneko soldatara iristen ez diren langileak.

Eider Mendozari eskatu diote behingoz emakume langile prekarioen aitzindari izateari uzteko eta langileen aldarrikapenak aseko dituen hitzarmen bat bultzatzeko baliabideak gaitzeko.

Manifestazioan Gipuzkoako Senideak taldeko kideak izan dira, baita greba mugagabean dauden Errenteriako Jesusen Bihotza eta Sanmarkosene egoitzetako egoiliarrak eta senideak ere.