Muñoz: “Gizartearen txirotasuna lortu nahi dute”

2011/12/14
Muñoz: “Gizartearen txirotasuna lortu nahi dute”
Adolfo Muñoz, Txiki, ELAko idazkari nagusiak, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien aurrekontu atzerakoien oinarrian politika fiskal bidegabea dagoela eta dirudunek gizartearen txirotasuna lortu nahi dutela adierazi du.

ELAko idazkari nagusiak Eusko Jaurlaritzak aurkeztu dituen aurrekontuak salatzeko Bilbon egin den manifestazioan parte hartu du. Aurretik, mila ordezkari inguruk batzarra egin dute aurrekontu horiek aztertzeko.

Muñozek adierazi du aurrekontuen helburuak enpresarien elkarte Confebask-ek ezartzen dituela, eta hauek gastu soziala gutxitzea eta haientzako diru-laguntzak handitzea jasotzen dutela. “Aurrekontuetan ez dagoena ez da existitzen, erretolika baino ez da. Eta politikan gero eta erretolika gehiago dago, eta geroz eta neurri atzerakoiagoak. Aurrekontuen oinarrian politika fiskal bidegabea dago”.

Bere esanetan Lopezen gobernuaren 2012ko aurrekontuak langabezia eta pobrezia gehiago ekarriko dute, eta aberastasunaren banaketa bidegabe baten aldeko apustua egiten dutela gaineratu du. “Gure politikariei ez zaie axola geure gizartea pobretzea. Badakizue zergatik? Salduta daudelako”. 

ELAko idazkari nagusiak azaldu ditu sindikatuak dituen alternatibak aberastasunaren banaketa justuago bat lortzeko eta, bide batez, esparru publikoa sendotzeko eta fiskalitate eredu berri bat ezartzeko.