Iranen ondorioak Hego Euskal Herrian

Mitxel Lakuntza: “Enpresak inflazioa baliatzen ari dira inoizko irabazi handienak lortzeko”

2026/09/21
Mitxel Lakuntza: “Enpresak inflazioa baliatzen ari dira inoizko irabazi handienak lortzeko”
ELAk erosahalmena bermatzeko dekalogoa aurkeztu du; besteak beste, hitzarmen guztiek, gutxienez, 1.600 euroko soldata ezartzea proposatu du. Aldarrikapenen artean, honako hauek daude: Soldatak igotzea, energiaren eta erregaien prezioetan esku hartzea, aparteko irabazien gaineko zergapetze espezifikoa ezartzea eta langileen errentak babesteko zerga zein gizarte arloan neurriak hartzea.

ELAk ohartarazi du inflazioaren gorakadak langile klasearen erosahalmenaren galera ekar dezakeela. Hala jaso du aurkeztu berri duen txosten batean. Aitor Murgiak, Azterketa Bulegoko arduradunak, gogorarazi du abuztuan Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) % 4,3an kokatu dela, aurreko hilean baino zazpi hamarren gehiago, eta 2023ko otsailetik izan gabeko mailetara iritsi dela.

Energiaren eta erregaien garestitzeak azaltzen du, neurri handi batean, prezioek berriro gora egin izana. Hala ere, azken urteotako bizi kostuaren etengabeko gorakadaren testuinguruan kokatu behar da egungo egoera. Izan ere, elikagaien prezioak % 36 baino gehiago garestitu dira azken bost urteotan. Horri etxebizitzaren prezioen igoera eta hipoteken garestitzea gehitu behar zaizkio. Hamabi hilabeteko Euriborra % 3tik gora kokatu da berriro, eta, ondorioz, tasa aldakorreko hipoteken hileko kuota 100 euro inguru garestitu da batez beste.

ELAko idazkari nagusi den Mitxel Lakuntzak azaldu duenez, langile klasea pobretzen ari den honetan, zenbait enpresa egoeraz baliatzen ari dira irabazi marjinak bere horretan mantentzeko, baita handitzeko ere. Enpresa Marjinen Behatokiaren datuen arabera, petrolioa fintzen duten enpresen salmenta marjina % 41,5era iritsi da; iazko hiruhileko berean, aldiz, % 14,2koa zen. Erregaien handizkako merkataritzan, berriz, marjinak % 34tik gorakoak dira oraindik.

Aldi berean, Ibex 35eko enpresek 39.380 milioi euroko irabaziak izan zituzten 2026ko lehen seihilekoan, aurreko urteko epe berean baino % 20 gehiago. Enpresa marjinak ere inoizko mailarik handienetan daude, eta % 13,8ra iritsi ziren bigarren hiruhilekoan.

Lakuntzak salatu du onartezina dela enpresek kostuen igoera berehala prezioetan islatzea eta beren irabaziak babestea, langileek, aldiz, erosahalmena galtzen jarraitzen dutenean.

KPIa bermatzea, prezioetan esku hartzea eta aberastasuna birbanatzea

Egoera horren aurrean, ELAk hamar neurri proposatu ditu, erosahalmena bermatzeko eta baldintza duinak ziurtatzeko.

Lehenik eta behin, soldatek gutxienez KPIaren pareko igoera izan behar dute. ELAk negoziazio kolektiboaren bitartez soldata igoerak sustatzen jarraituko du, eta hitzarmenetako gutxieneko soldata 1.600 eurokoa izatea proposatu du. Horrez gain, Hego Euskal Herrirako 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa aldarrikatzen jarraituko du.

Bigarrenik, prezioetan zuzenean esku hartu behar da; ez da nahikoa horiek diru publikoaren bidez laguntzea. Erregaien, elektrizitatearen eta zenbait produktu energetikoren prezioak arautzea proposatu du ELAk. Aurreko esperientziek erakutsi dutenez, zerga murrizketek kontsumitzaileek ordaindu beharreko prezioa aldi baterako merkatzea ekar dezakete, baina ez dute bermatzen enpresen irabazi marjinak bere horretan mantendu edo handituko ez dituztenik.

ELAren ustez, egungo egoeraz baliatzen ari diren enpresek ekarpen handiagoa egin beharko lukete. Horregatik, energia enpresek, bankuek eta supermerkatuek lortzen dituzten aparteko irabazien gaineko zerga ezartzea proposatzen du. Zehazki, krisiaren aurreko batez besteko irabaziak baino % 25 handiagoak diren irabazien zatiari zerga gehigarria ezartzea proposatzen du.

Azkenik, Pradalesen eta Chiviteren gobernuek herritarren errenta erabilgarria babesteko tresna propioak dituzte. PFEZaren deflaktazio mekanismo automatikoa ezartzea proposatu du ELAk, KPIaren araberakoa. Horrela, prezioen igoera konpentsatzera ere iristen ez diren soldata igoerek zerga karga handiagoa eragitea saihestu nahi du.

Era berean, etxebizitzaren arloan etxegabetze guztiak geldiarazteko eta alokairuen igoerari muga jartzeko neurriak proposatu ditu. Horrez gain, gizarte prestazioak eta zuzeneko laguntzak indartzeko eskatu du, egoera ahulenean daudenak babesteko.