ELAk ez du bat egiten EH-Bilduk uztailaren 21erako deitu duen manifestazioarekin
ELA Euskal Herrian krisia eta murrizketak direla-eta alternatibak eta mobilizazio deialdiak plazaratzen dituen plataforma anitz eta zabal bateko kide da. Plataforma horrek lehen urrats moduan aste honetarako mobilizazioak deitu ditu, eta zein jarraipen izango duten aztertzen ari da, azken murrizketen eraso gordina ikusirik. Beste aldarrikapen batzuren artean, alderdi politikoei exijitzen diegu egiten dituzten politikak goitik behera alda ditzatela, eta dagokien erantzukizun esparruetan ez dezatela Rajoyk ezarri nahi dituen mozketa latzen segidismoa egin.
ELAren aburuz, langile-klasean eta gizartean dagoen haserre gero eta handiagoa aintzat hartu nahi badute, alderdiek gure aldarrikapenak ardura instituzionalak dituzten lekuetan bideratu beharko lituzkete, hots, tankera horretako politika egin. Horrek, besteak beste, esan nahiko luke erabakiak hartzerakoan benetako partaidetza ematen zaiela sindikatuei eta gizarte-erakundeei, solidaritate-politikak ahalbidetuko lituzketen zerga-erreformak onartzen direla eta Rajoyk oinarri-lege gisa definitzen duena ez dela aplikatzen. Hau Hego Euskal Herrian ez da gertatzen ari, ezta BILDuren ardurapeko erakundeetan ere.
Sekula ez dugu onartu, eta etorkizunean ere ez dugu onartuko, alderdi politikoek mugimendu sindikal eta sozialaren esparrua modu alderdikoian erabiltzeko asmorik. Horregatik, ELAk ez du bat egiten EH Bilduk larunbaterako deitu duen manifestazioarekin.