Gero eta zentro gehiago Bizkaiko erresidentzietako greba deialdian

2016/04/29
Gero eta zentro gehiago Bizkaiko erresidentzietako greba deialdian
ELAk salatu duenez, sektorean egoera larria izan arren Aldundia ez da grebaren deitzailearekin bildu, eta patronalaren jarrera gogorra babesten du. Grebaren deitzaile den ELA sindikatuak oso iritzi positiboa du aste honetako hiru greba egunekin bat egin izanaz; martxoan eta apirilean aurretik izan ziren beste hiru lanuzte egunen jarraipena dira hauek.

ELAk zorionak eman nahi dizkie langileei grebak duen jarraipen handiagatik, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak abusuzkoak izan diren; honek behargin askori greba eskubidea gauzatzeko aukera galarazi dio. Gainera, salatu beharra dago patronalak Jaurlaritzari eskatu ziola berez neurrigabeak diren gutxieneko zerbitzuak areago gehitzeko.

Grebak sektoreko 5.000 langilerengan du eragina, eta egoitza handietan erabateko jarraipena izan du (Cesar Artxanda egoitza, Igurco eguneko zentroak, Misericordia, Gurena Aulaga, Igurco Unbe, Conde Aresti egoitza, Miravilla egoitza, Gazteluondo egoitza, Sanitas Barakaldo egoitza, Sar Quavitae egoitza, Miranda fundazioa, Orue egoitza, Aita Menni egoitza, JM Azkuna egoitza, Astarloa egoitza, Abeletxe egoitza, Calabria egoitza, Sanitas Barakaldo egoitza, Aspaldiko egoitza, Otxartaga egoitza, Atsoa egoitza, Albiz Sestao egoitza, Marcelo Gangoiti, el Pilar egoitza, Txurdinagabarri egoitza, etab.), eta jarraipen handia zentro txikietan; hauetan Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak medio (langileen %60), langileek ezin dute grebarik egin eta lan-baldintzak defenditzeko aukerarik ez dute.

Greba handia izaten ari den arren, patronalak bere hasierako posizioari eusten dio eta otsailaren 12tik hona ez du negoziazio-mahaia berriro deitu.

Halaber, ELAk salatu egin behar du Bizkaiko Aldundiak, hots, zerbitzu hau finantzatzen duen erakundeak, patronalarekin duen jarrera konplize eta permisiboa; sektorean %66ko ordezkaritza izan eta greba deitu duen sindikatuarekin ez da biltzen, baina bai enpresarioekin, eta hauen jarrera gogorra babesten du gainera.

ELAk iragarri du datozen egunotan egoerak bere horretan jarraitzen badu mobilizazio gehiago deituko dituela.