Osakidetzak iragarritako EPEa berandu dator aski eza da eta ez du beteko Mahai Orokorrean adostutakoa

ELAk baztertu egiten du aurrekontu berria, aurrekoarekin alderatuta %3,2 gutxiagokoa delako eta herrialde garatuetako batez bestekotik are urrunago dagoelako

“Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak gaur iragarritako 2011ko LEP 2.614 lanpostukoa izateak suposatzen du mahai orokorrean sinatutakoa baino 1.200 lanpostu gutxiago eskainiko direla” salatzen du ELAk. “Zehazki, gobernuak konpromisoa hartu zuen ondoko LEPko deialdiak egiteko: 1.900 lanpostukoa 2010ean eta beste 1.900 lanpostukoa 2011an, hau da, guztira 3.800 lanpostuko bi LEP. Bada, orain iragarritakoarekin, garbi geratu da 2010ean egin ez den LEP ez dela 2011ko LEPrekin konpentsatuko, 2.600 lanpostu eskainita, oso urrun geratzen baita  hitzartutako 3.800 lanpostuetatik”.

“Deitoratzekoa da Osasun Sailak beste behin ere, propaganda errazera jo izana, Osakidetzaren baliabide eskasia behin eta betiko konpondu beharrean. Une honetan nabarmena da EAEko osasun publikoak duen baliabide eskasia areagotu egin dela aurten aplikatutako murrizketa politikekin, horren ondorioz, arreta kalitateak txarrera egin du eta sektorean ezinegona dago (EAGtako greba Bizkaian, itxaron zerrendek gora egin dute, langileak ez daude pozik, etab.). Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak nahiago du beste alde batera begiratu eta propagandan oinarritutako politika egin hainbat plangintza iragarrita, hori bai, negoziatu ez direnak edota negoziatutakoa betetzen ez duten planak beti ere”. 

“Osakidetzako aurrekontua %3,2an murrizteko erabakiak dakarrena da ELGAko herrialdeetako batez bestetik are gehiago urruntzen dela EAEko osasun publikoa. Aurrekontua erdian gehitu beharko litzateke herrialde garatuetako batez bestera iristeko” azpimarratzen du ELAk.

ELAk exijitu egingo dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Osakidetzari zuzendu dezala murrizketetan oinarritutako politika eta eman diezazkiola Osakidetzari  behar dituen baliabideak.