"Kutxabankeko pribatizazioari aurkako alternatibak egon badaude, eta hamaika gezur ari dira esaten honen inguruan"

2014/05/05
"Kutxabankeko pribatizazioari aurkako alternatibak egon badaude, eta hamaika gezur ari dira esaten honen inguruan"
ELAk Kutxabankeko egoerari buruzko txostena plazaratu du gaur goizean Bilbon eta, bide batez, pribatizazioaren aurkako aukerak azaldu ditu. Txostenak gure herriak dituen behar sozial eta ekonomikoei erantzun nahi diela azpimarratu du ELAk. Era honetan, Kutxabankeko pribatizazio prozesua geldiaraztea eta alternatibei buruzko eztabaida soziala hastea eskatu du ELAk.

Adolfo Muñoz "Txiki" idazkari nagusiarekin batera Amaia Muñoak eta Mikel Novalek –idazkari nagusiaren-albokoa eta arlo sozialeko arduradunak, hurrenez hurren– hartu dute parte aurkezpen agerraldian. ELAko arduradunek aurreratu dute datozen egunotan kanpaina bat hasiko dela gai honen inguruko egoera plazaratzeko eta alternatiba aukeren berri emateko. Izan ere, oso larria da guztion ondare bat esku pribatuetan lagatzea inolako eztabaida publikorik gabe.

ELAko idazkari nagusiak Confebask patronalak duen jarrera salatu du. "Patronalak ez du ezer esaten pribatizazioak eragingo lukeen galera atzeraezinaz, bereziki, gure herriko sare produktiboan", azpimarratu du.

Bestalde, Kutxabankeko langileen baldintzak euskal esparruko hitzarmen kolektibo bidez arautzea eskatu du, langileen %69ak sinadura bidez eskatu duen bezala. Zentzu honetan, ELAk argi utzi nahi du ezinbestekoa dela azken lau urteotan galdutako 1.032 lanpostuak berreskuratzea.