GIPUZKOAKO ERRESIDENTZIAK

Grebalariak Errenteriako eta Zumaiako udaletan itxi dira

Grebalariak Errenteriako eta Zumaiako udaletan itxi dira
Grebaren 170.egunean, sektorean bizi duten prekaritatearekin amaitzeko aldarria udaletara eramango dute eta ez dute baztertzen udal gehiagotan itxialdiak burutzea.

Gipuzkoako Erresidentzia eta eguneko zentroetako lan gatazkak 170 greba egun bete dituen egunean, Errenteriako Sagrado Corazon, Sanmarkosene eta Zumaiako San Juan egoitzetako langileak euren udaletxeetan itxialdia hasi dute.

Pasa den astean burututako azken mahai negoziatzailean patronalek ez zuten prekaritatearekin amaituko lukeen kontratazioari buruzko inongo neurririk ekarri. Bestalde, Foru Aldundiak negoziazio mahaian zuzenean parte hartzeko deiari muzin eginda, ez da gai izan langileen prekaritate eta genero diskriminazioari aurre egingo dion lan hitzarmen bat mahai gainean jartzeko.

Hau honela, langileek euren aldarrikapenak udaletara eraman dituzte. Bertako ordezkaritza politikoei ardura politikoa eskatuko die eta behingoz, hitzarmenean partzialtasunarekin amaitzeko neurriak jar ditzatela eskatuko die.  

Izan ere, gaur, sektoreko langileen ia erdiak borondatezkoak ez diren lan kontratuak ditu. Datu hau azken urteetan areagotzen ari da baina egoitzen antolamendua aztertuz inondik inora ez da datua justifikatzen; soilik zaintza esparruko enpresen mozkinak biderkatzeko estrategiak egiten du. %100eko lan kontratuak ezartzea eskatzen dute langileek besteak beste.

Hau honela, langileek ez dute baztertzen udal gehiagotan ere itxialdiak hastea datozen egunetan.