ARCELORMITTAL (AGURAIN)

Epaitegi batek enpresa zigortu du greba eta askatasun sindikala urratzeagatik

Epaitegi batek enpresa zigortu du greba eta askatasun sindikala urratzeagatik
Aguraingo ArcerloMittal-ek 120.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko die ELAri eta langileei, greban gutxieneko zerbitzuak alde bakarrez ezarri eta grebalarien ordez beste langile batzuk aritu zirela ondorioztatu ostean.

Gasteizko Instantzia Auzitegiko Lan Arloko Atalak ArcelorMittal kondenatu du Aguraingo lantegian greba eskubidea eta askatasun sindikala urratzeagatik. Epaiaren arabera, enpresak 120.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko du: 60.000 euro ELAri eta beste 60.000 euro grebak eragindako langileei.

Auziaren jatorria 2025eko apirilean dago. Orduan, ArcelorMittalek Aguraingo lantegian Enplegu Erregulazioko Espedientea (EEE) aplikatzeko asmoa iragarri zuen, eta horren aurrean, ELAk hainbat lanuzte eta greba egun deitu zituen. Greba egun horietan, enpresak mantentze-lanetarako gutxieneko zerbitzuak alde bakarrez ezarri zituen.

Epaiak ondorioztatzen du ArcelorMittalek bi modutan urratu zuela greba eskubidea. Batetik, gutxieneko zerbitzuak langileen ordezkariekin adostu gabe ezarri zituelako. Bestetik, barne-eskirolajea baliatu zuelako. Hau da, greban ez zeuden langileei grebalarien eginkizunak esleitu zizkielako. Horren ondorioz, grebaren eragina eta langileen presio gaitasuna nabarmen murriztu zirela dio ebazpenak.

Auzitegiak azpimarratzen du ez zela une jakin bateko jokabidea izan, denboran mantendu zen praktika baizik. Horrek greban parte hartu zuten langile guztiei eta mobilizazioaren eraginkortasun kolektiboari eragin ziela ondorioztatu du.

ELAk positibotzat jo du epaia, eta gogorarazi du ArcelorMittalek greba eskubidea mugatzeko egindako ahaleginak gorabehera, Aguraingo langileen borrokari esker enpresak azkenean Arabako lantegirako aurreikusita zuen EEEa bertan behera utzi zuela.