"Irakasleek presiopean egiten dute lan baliabide faltagatik"
"IRAKASLEEK PRESIOPEAN EGITEN DUTE LAN BALIABIDE FALTAGATIK"
Bizkaiko Psikologoen Elkargoak eta EHUk egin berri duten ikerketaren arabera, EAEko ikastetxeetako baliabide faltak irakasleen ongizatean zuzeneko eragina du.
Atzo, urriak 21, Bizkaiko Psikologo Elkargoak eta EHUk EAEko irakasleen ongizate emozionalari buruz egiten ari diren ikerketaren lehen faseko emaitzen berri eman zuten. Emaitza horien arabera, irakasleak prestatuta eta konprometituta dauden arren, hezkuntza-baliabideen faltagatik etengabeko presiopean lan egin behar dute.
Ikertzaileek, hainbat baieztapenen artean, arazoa ikasleen aniztasunean ez dagoela adierazi dute, premia horiei behar bezala erantzuteko baliabide faltan baizik. Zehazki, honakoa baieztatu zuten atzo publiko egindako prentsa oharrean:
“Datuek argi uzten dute kolektiboa konprometituta dagoela, prestakuntza profesional sendoa duela eta irakaskuntzaren erronkei aurre egiteko gaitasuna duela. Kontua ez da irakasleak prestatuta dauden ala ez, baizik eta lana ahalik eta baldintzarik onenetan egiteko beharrezko baliabideak eta laguntzak dituzten”
“Kolektiboaren ongizate psikologikoari buruzko azterketa honek ondorio garbi bat dakar: irakasleen zati batek bizi duen ondoeza hezkuntza-sistemaren egiturazko eta antolakuntzako faktoreekin dago lotuta nagusiki, eta ez hainbeste haien gaitasunekin edo lan-errendimenduarekin”.
Ikerketa honek ELAtik azken urteetan salatu eta aldarrikatu duguna berresten du: irakasleen eta orohar hezkuntzako profesionalen artean arrisku psikosozialak, estres maila eta gain hartze sentsazioak gora egiten ari dira. Honi aurre egiteko hartu beharreko neurririk premiazkoena baliabideak handitzean datza. Horregatik, ELAtik ezinbestekotzat jotzen dugu ratioen jaitsiera gauzatzea, ekipo egonkorrak mantentzea, baliabide gehigarriak ezartzea eta lan-taldeetara profesional profil egokiak gehitzea (psikologo edo gizarte langileak, esaterako).
Egoera honen jakitun den arren, Hezkuntza Sailak ez dauka neurri eraginkorrik ezartzeko asmorik, ezta premiazkoak diren baliabideak ezartzeko borondaterik ere. Horren erakusle dira, besteak beste, Hezkuntza Sailaren prebentzio zerbitzua ez indartzeko erabakia, edo arrisku psikosozialen azterketak modu ez-bermatzailean egin izana. Horregatik, ELAtik hezkuntzako langileen lan osasuna bermatzeko lanean jarraituko dugu. Ezinezkoa baita ikasleen ongizatea bermatzea irakasleen ongizaterik gabe!
Euskal Herrian, 2026ko urriaren 22an