Arkemako langileak Parisen manifestatuko dira gaur

2014/11/26
Arkemako langileak Parisen manifestatuko dira gaur
Alonsotegi-Zaramilloko Arkemako langileak Parisen inguruko Colombes herrian dira gaur, non Arkemaren egoitza nagusia dagoen. Ekimen horren bidez Zaramilloko lantegia itxi ondoko egoera eta bestelako irtenbideak erakutsi nahi zaizkie Arkemako zuzendariei.

Horrela, langileek irailaren 9an lantegiaren itxieraren berri jakin zutenetik daramaten bizimoduaz eta prestatu duten industria-bideragarritasunaren planaz hitz egin nahi dute enpresako zuzendari gorenekin. Plan horri jarraikiz gero, lantegiaren iraupena ziurtatuko litzateke.

Irailaren 9an Arkema multinazionalaren zuzendaritzak Alonsotegi-Zaramilloko lantegia ixteko erabakia jakinarazi zion Enpresa Batzordeari.

Arkema multinazionalak 2.312 milioi euroko ondare garbia dauka, azken bi urteotan 392,59 milioi euroko etekinak lortu ditu, eta 194 milioi euro banatu ditu dibidendutan. Alonsotegiko lantegiak 60 langileri ematen die enplegua zuzenean, eta 30etik gorako langileri zeharka.

Erabaki horrek, plantillan ez ezik, Kadagua eskualdeko biztanle askorengan eragingo du. Eskualde horrek krisiaren eragin latza jasan du orain arte, eta horren ondorioz Euskal Herriko langabezia-tasarik handienetarikoa du.

Langileak greba mugagabean daude irailaren 25etik. Bi hilabete horietan Alonsotegi-Zaramilloko lantegiko zuzendaritzak EEE bat aurkeztu zuen lehenengo, gero erretiratu behar izan duena; eta azaroaren 13an beste EEE bat, aurrekoaren tankera berekoa.