Fiskalitateari heltzeko unea erakunde eta Legebiltzarkideekin

2017/02/28
Fiskalitateari heltzeko unea erakunde eta Legebiltzarkideekin
ELAk bilera-erronda abiatu nahi du erakunde eta talde parlamentarioekin fiskalitatearen eztabaidari heltzeko. ELAko politika sozialetako arduradun Mikel Novalek gaur goizean adierazi duenez, "bada garaia fiskalitateari buruzko eztabaidari heltzeko". Urkullu lehendakariak atzo Aukera Ekonomikoen Foroan egindako adierazpenen harira egin du baieztapen hau Novalek.

Novalek gogora ekarri duen bezala, "ELAk urteak daramatza soldatatik eratorriak ez diren errentetan dagoen iruzur fiskal handia salatzen". Horrekin batera, errenta altuei, enpresei eta orohar kapitalari zergak etengabe jaitsi dizkien zerga-politika salatu du askotan sindikatuak.

Zentu horretan, ELAk biltzeko deia egin die Ogasun Sailburuari, EAEko hiru lurraldetako Ahaldun Nagusiei eta EH Bildu eta Podemoseko Legebiltzarreko taldeei. Bilera horien helburua argia da: politika fiskaletan benetako aldaketa egin ahal izateko gakoak mahai gainean jartzea; bere iritziz, eztabaidari ekiteaz batera, ezinbestekoa baita planteatu nahi dena zehaztea. Ildo horretatik, ELAk arlo sozialean egiten diren inbertsioak handitzeari lehentasuan ematea eskatuko du. Horrekin batera, zerga-bilketa ere modu justuan egitea exijituko du.