ELAk bost enpresa salatu ditu Nafarroan, legez dagokiena baina ordu gehiago zabaltzeagatik
2012/10/31
ELAk Carrefour, Simply Sabeco, Leroy Merlin, Kiabi eta Bricodepot enpresen aurkako salaketa jarri du Nafarroan, legez ireki dezaketen baina ordu gehiago zabaltzeagatik. Gaur egun Nafarroan komertzio batek astean gehienez 72 orduz ireki ditzake bere ateak; bost enpresa horiek kopuru hori nabarmen gainditzen dute.
Iragan uztailean Espainiako Gobernuak merkataritzaren inguruko lege-dekretu berria atera zuen. Bertan sektoreko enpresei ordu gehiagoz zabaltzeko eskubidea aitortzen zitzaien. Hala ere, ELAk gogorarazi nahi du Nafarroak gai horren inguruko eskumenak dituela, eta, beraz, Espainiako Gobernuaren lege-dekretu hori ez dagoela Nafarroan indarrean.
ELAren ustez, salatu dituen bost enpresek lege iruzurra egiten dute. Izan ere, gurean baliorik ez duen dekretu bat inposatzen dute legez ireki dezaketen ordu kopurua gainditzeko.
Bestalde, ELAk beste behin nabarmendu nahi du ez duela igande eta jai-egunetan irekitzea suposatuko duen inolako legerik babestuko. Ezinbestekoa da alor honetan bat-gatozen sindikatu, alderdi eta eragile guztien kolaborazioa.