Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, onartuta
Izan ere, kontutan eduki behar da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eratzeko I Nazio Batzarra 2013ko maiatzaren 25ean egin zela, Eibarren.
Lehen asanblada horretan, azken urteetan bestelako eredu sozial eta ekonomikoaren alde elkarlanean aritutako sindikatu eta gizarte-eragileek argi utzi zuten prozesu berritzaile honen garrantzia.
“Aldarrikatzetik harago, euskal jendarte osoaren indarrak eta garatzen ari garen borrokak batzeko eta bidean elkarrekin lerrotzeko unea da. Borrokarako tresna baliagarria izateaz gain, alternatiba eraikitze bidean, eredu ekonomiko eta sozial propioa garatzeko bide emango digula ziur gaude. Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzat egindako karta bat da, eta ez elite ekonomikoek erabakitakoa”.
Orain, urtebete geroago eta Karta bere osotasunean onartu eta gero, helburuak goitik-behera bete direla nabarmendu beharra dago. Azken urte honetan gauzatutako prozesu horizontal eta parte-hartzaileak izaera berezia ematen dio karta honi Euskal Herrian, hau da, bestelako zerbait bihurtzen du karta hau. Egindako ibilbideak adierazten du, beraren emaitzak baino gehiago, esperientzia honen izaera politiko berritzailea. Datuak kontutan hartzekoak dira: Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako 113 herri eta auzotan aurrera eraman den prozesu honetan 1.200 herritar inguruk hartu du parte, eta milaka izan dira eskubideen gainean egindako ekarpenak.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren prozesuak lehenengo fase bat agortu du; maiatzaren 31n itxi zena, hain zuzen. Baina prozesu luze baten lehen faseaz mintzo gara, finean. Izan ere, orain gauzarik garrantzitsuena geratzen da: gehiengo sozialaren nahiak eta helburuak batzeko xede izan duen ekimen honen sozializazioa. Hori izango baita hurrengo erronka, denon artean egin dugun Karta hau lau haizeetara zabaltzea. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta ez da testu hutsa, bestelako gizarte justuago bat eraikitzeko borrokan tresna eraginkorra izan nahi du.
Ekainaren 14an hasiera emango zaio bigarren fase horri. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta egun horretan aurkeztuko da publikoki Bilbon, Arrupe Etxean. Aurkezpen horretan Kartaren edukiak ezagutzeko aukera izango dugu. Gainera, prozesu hau sustatu eta babestu duten sindikatu eta eragile sozialetako ordezkariak bertan izango dira, milaka lagunen artean egindako Karta honi euren atxikimendua eskaintzeko.
Jarrai dezala Karta honek eta berak defendatzen dituen eskubideek sortutako ilusioarekin, hau da, eskubide horiek biderkatu eta bereganatu daitezkeela Euskal Herriko auzo, herri eta hiri bakoitzean.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren inguruko informazio gehiago:
http://www.eskubidesozialenkarta.com/