ELAk Nafarroako Gobernuari eskatu dio Mahai Orokorrean deseskaladan langileen osasuna lehenesteko

2020/05/13
ELAk positibotzat jo du telelanaren aldeko apustua, baina zirriborroaren gabeziak deitoratu ditu, baita Hezkuntza eta Justizia bezalako esparru garrantzitsuak baztertzea ere.

Nafarroako Gobernuak gaur aurkeztu die sindikatuen ordezkariei Foru Administrazioko langileen baldintzak arautuko dituen Foru Aginduaren zirriborroa. Zirriborroan telelana lehenesten da, eta ezartzen da nahitaezkoa dela osasuna bermatzeko babes-neurri guztiak bermatuta egotea aurrez aurreko lanera itzuli ahal izan aurretik.

 

ELAk positibotzat jo ditu telelanaren lehentasunezko izaera eta Gobernuak foru agindu hau egitean erakutsi duen negoziatzeko borondatea. Hala ere, Jaurlaritzaren planteamenduak gabezia hauek ditu:

  • Aplikaziotik kanpo uzten ditu Hezkuntza eta Justizia esparruak, Estatuko araudiari lotzen baitzaizkio. Ildo horretan, gogorarazi behar da, alde batetik, hezkuntzan Hezkuntza Sailak orain arte adierazitakoak ez duela inola ere bermatzen kolektiboaren osasuna eta segurtasuna. Eta, bestalde, Justiziaren esparruan, esparru horretan ordezkaritza duten sindikatu guztiek aho batez baztertu dute Estatuaren planteamendua.

  • Ez du sindikatuekin akordiorik lortu behar eremu bakoitzeko planak garatzeko, eta alderdi hori erabakigarria da, langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko babes-neurriak zehazten diren benetako eremua baita. Puntu horretan, Nafarroako Gobernuak atzera bota du ELAk planen garapena akordio bidez egiteko eskakizuna.

  • Betebehar saihestezina betetzeagatiko lizentzia okertu egin da, denboran mugatuz eta, adingabeen kasuan, 18 urtetik 14 urtera murriztuz. ELAren eskaera lizentzia 18 urtera arte mantentzea zen. Lizentzia hori oso garrantzitsua da Administrazioko langileen kontziliazioa errazteko.

 

Gobernuak erakutsi duen borondatea gorabehera, goian aipatutako esparruak baztertzea eta neurriak beren eremu zehatzetan benetan zehaztea erabakitzeari uko egitea erabakigarriak dira ELAk Foru Aginduaren edukiarekin ados ez dagoela adieraz dezan. Era berean, ELAk adierazi du hitz egiten jarraitu nahi duela, guztion artean langile publikoen osasuna eta segurtasuna bermatzeko, eta, ondorioz, Nafarroako herritarren osasuna eta segurtasuna bermatzeko, osasun-krisi honetan.