“M3moria. Antolakuntza. Borroka"
ELA, LAB, Steilas, ESK eta Martxoak 3 elkartearen ohar bateratua:
Memoria hori bizirik mantentzeagatik egindako lana aitortzeak bultzatzen gaitu urtero Gasteizen Poliziak hildako bost langileak gogoratzera eta omentzera, baita Basaurin eta Tarragonan poliziaren errepresioaren biktima izan ziren bi gazte solidarioak, eta une hartan zauritutako eta erreprimitutako pertsona guztiak ere. Hainbat belaunaldi markatu dituen borroka ere gogoratu nahi dugu.
1976ko martxoaren 3aren 50. urteurrena dela eta, ELA, LAB, STEILAS eta ESK sindikatuok memoria hori indartu nahi dugu, eta, horregatik, Martxoak 3 elkartearekin batera ari gara lanean urteurrenarekin bat datorren omenaldi berezi gisa balioko duen ekitaldi handi batean. Horren zehaztapenak otsailaren 9ko agerraldi batean zabalduko ditugu.
Oraingoz, aurreratu dezakegu aurtengo leloak 50 urte hauetan indartu nahi izan dugun guztia jasotzen duela: "M3moria. Antolakuntza. Borroka". Lelo honekin iraganean borrokatu zuten pertsonak aitortu nahi ditugu, gaur egun antolatzen garen guztientzat oinarriak jarri zituztenak: gizarte hobe baten alde borrokatzeak elkartu egiten gaitu denboran zehar.
Gainera, 50. urteurrena ospatzeko kamisetak eta jertseak salgai egongo dira, eta gure egoitzetan eta denda birtualaren bidez erosi ahal izango dira. Material honekin 2026ko martxoaren 3a gogoratzeko motorrak berotzen hasi nahi dugu. Herritar guztiak animatzen ditugu memoria kolektiboko ariketa honetan parte hartzera, elastiko eta jertse oroigarri hauekin.