Fiskalitatea EAE

ELAk salatu du EAJk eta PSEk kapitalari eta errenta altuei zerga jaitsierak EAE osora zabaltzea adostu dutela

2026/09/01
ELAk salatu du EAJk eta PSEk kapitalari eta errenta altuei zerga jaitsierak EAE osora zabaltzea adostu dutela
Artxibo irudia
Gaur lortutako akordioak berresten du bi alderdiek fiskalitatea enpresen eta errenta altuen mesedetan erabiltzearen aldeko apustua; zerbitzu publikoak indartzea ahalbidetuko duen sistema fiskal progresiboago baterantz aurrera egin beharrean.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan neurri fiskalen esparru komuna ezartzeko akordioa iragarri dute gaur EAJk eta PSE-EEk. Nahiz eta behin-betiko testua ez den publiko egin, ekainean sortutako desadostasunak itxi nahi ditu itunak, Bizkaiko Foru Aldundiak alde bakarretik abantaila fiskalen pakete bat iragarri ondoren, enpresen errotzea errazteko eta kualifikazio handiko langileak erakartzeko. Gogoratu behar da iragarki hura Iberdrola, Petronor, BBVA edo Telefónica bezalako enpresekin batera egin zela, eta Antonio Garamendi, CEOE patronaleko presidentea, bertan zela. Hark esan zuen erreforma-proposamena jarraitu beharreko urratsa zela.

ELAren ustez, “orain lortutako akordioak, ez du sakoneko arazoa aldatzen”, ekainean aurkeztutako proposamenarekin alderatuta aldaketak izan arren. Aitzitik, EAJk eta PSEk enpresei, kapitalari eta errenta handiko zenbait kolektibori pizgarri berriak eskaintzera bideratutako zerga-politika partekatzen dutela berresten du, euskal ogasunek progresibotasuna handitzeko eta gehien dutenen ekarpen handiagoa bermatzeko duten araugintza-gaitasuna aprobetxatu beharrean.

EAJren eta PSEren arteko desadostasun publikoak, beraz, ez zeuden enpresei eta zenbait kolektibori pizgarri fiskal berriak eskaintzeko beharrean, baizik eta nola egin eta hiru lurraldeetan neurriak harmonizatzeko beharrean. Gaur iragarritako akordioak errealitate hori berresten du: erantzuna ez da izan Bizkaian planteatutako ikuspegia kentzea, baizik eta esparru komun bat adostea horrelako politikak Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara hedatzeko, gero lurralde bakoitzean berrikusi daitekeena.

ELAren ustez, kapitala erakartzeko eta enpresa-eliteak asetzeko diseinatutako zerga-politika baten aurrean, beharrezkoa da enpresen eta kapitalaren errenten ekarpena handituko duen zerga-erreforma bat egitea, iruzurra eta zerga-elusioa ekiditeko, eta aberastasunaren banaketa bidezkoagoa sustatzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak hasieran aurkeztutako proposamenak, besteak beste, honako neurri hauek jasotzen zituen: enpresa-transmisioen fiskalitatea hobetzea eta enpresak errotzen laguntzeko pizgarriak. Neurri hauek, funtsean, jarraituko dute. Neurri horiek, zerga-sistema bidegabe batean sakontzeaz gain, zerga-bilketa murriztuko lukete, gaur egun nahikoa ez den diru-bilketa izanda gainera, inguruko herrialdeek biltzen dutenarekin alderatuta. Aurrekontuetan gastua baretzea aipatzen den egoera honetan, ez da logikoa diru-bilketa jaitsiko duten neurriak sustatzea.

ELAk ekainean ere salatu zuen neurri horiek zuzenean erantzuten zietela enpresa-erakundeen eskaerei. Izan ere, Cebek Bizkaiko patronalak publikoki eskatu zuen fiskalitatea erabiltzea enpresen lehiakortasuna bultzatzeko, eta txalotu egin zituen neurriak.