ELAk Euskal erakundeei lanaldia 32 ordutara jaitsi dezatela eskatu die
Martxoaren 27an gauzatu da Madrilen CCOO, UGT, CSIF eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioa. Akordio horretan jasotzen da Estatuko administrazio publikoko langile gehienei astean 35 orduko jardunaldia aplikatuko zaiela. Esan beharrik ez dago 35 orduak oso berandu iritsi direla, batez ere gure herrian lan egiten duten Estatuko administrazioko langile publiko guztientzat. Ez dugu ahaztu behar, azken hauen lan baldintza propioak Euskal Herrian negoziatzeko aukera ukatzen jarraitzen zaigula.
Akordio horrekin, estatuko administrazioko langileen urteko lanaldia euskal langile publikoenarekin parekatzen da. Hori guztia, 25 urte baino gehiago borroka sozialen ondorioz baldintza hobeak izan ondoren. Gauzak horrela, ELAk euskal erakundeetan 32 orduak ezartzearen aldeko borroka inoiz baino beharrezkoa ikusten du.
Baina, ELAk salatu duen bezala, hori ez da gertakari isolatu bat, Euskal erakundeen (eusko jaurlaritza, nafar gobernua, udal eta foru aldundiak) politika estatalizatzaile eta negoziatzeko borondate faltaren beste adibide bat baizik. Eskumen gehiago baliatu eta benetako autonomiaren alde egin beharrean, ontzat ematen dute Madrilen ematen den guztia, gure lan-baldintzen kaltetan.
ELAk behin baino gehiagotan aldarrikatu du, publikoki zein negoziazio mahai desberdinetan, euskal erakundeetan asteko 32 orduak ezartzeko beharra. Hori guztia enplegu gehiago sortzeko, kontziliazioa hobetzeko, trantsizio ekosozial bidezkoago bateruntz, eta, jakina, gure bizitzak hobetzeko. Baina beti aurkitu dugu ezezko bat.
Gauzak horrela, ELAk, Euskal erakundeei 32 orduko jardunaldira iristeko benetako neurriak berehala har ditzatela galdegiten die. Hala eskatuko du apirilaren 23 an ospatuko den EAE ko mahai orokorrean, apirilak 24 ean izango den Udal langileen lan baldintzak negoziatzen den Udalhitz–eko bileran eta Nafarroako datorren mahai orokorrean mahaian. Eta ezezkoaren aurrean, Euskal Herriko zerbitzu publikoak eta langileen lan-baldintzak hobetzeko, ELAk mobilizazioak, ekimenak eta grebak bultzatzen jarraituko du.