Galdakaoko Formica lantegia ixtearen aurkako mobilizazioak

2012/07/06
Galdakaoko Formica lantegia ixtearen aurkako mobilizazioak
Uztailaren 2tik aurrera mobilizazioak egiteko deia egin zuen Formica-ko enpresa batzordeak, Galdakaoko lantegiaren eta lanpostu guztien jarraipena eskatzeko.

 

Batzorde honek zuzendaritzari ohartarazten dio ez duela onartuko 208 familiaren lanpostuak suntsitzera daraman inolako negoziaziorik. Galdakaoko enpleguaren alde borrokatzeko prest gaude. Zuzendaritzak, kanpoko abokatuen aholkuz, fede txarrez jokatzen du; ixteko erabakia oinarritzeko ez du inongo plan industrialik aurkeztu, eta oraingoz ez dago erabaki ofizialik, zuzendaritzak berak egiten dituen filtrazio interesatuak baino. Langileok erabateko profesionaltasunez lan egin izan dugu, eta lan-karga ere nahikoa da. Ez dago Galdakaoko lantegia ixteko inongo arrazoirik.

Gainera, enpresa-batzorde honek dei egiten die herri-administrazioei -Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru-Aldundia, inguruko udalak eta Lan-Ikuskaritza-, langileen alde egin dezaten eta egungo Formica-Galdakao lantegiak etorkizunean ere jarraipena izan dezan.

Zuzendaritzak langileak izutu nahi ditu, eta ez du garbi jokatzen: hitzak eta idatziak ez datoz bat; ekainaren 28ko komunikatuan dio 180 behargin kaleratuko dituela, eta itxierarik ez da aipatzen; gainera, plana burutzeko epea abenduaren 31n amaitzen dela esaten du, eta ez irailaren 30ean. Nor bere egintzen jabe da, eta oso sinesgarritasun txikia bazuten, orain erabat galdu dute.