NAZIOARTEA

ELA Quebec-eko CSN sindikatu subiranistaren 68. kongresuan parte hartzen ari da

2026/05/28
ELA Quebec-eko CSN sindikatu subiranistaren 68. kongresuan parte hartzen ari da
CSN eta ELA estaturik gabeko bi naziotako sindikatu subiranistak dira eta langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko estrategiaren muinean grebak jartzen dituzte. Antzekotasun horiek bi sindikatuen arteko harreman sendoa ekarri du urte luzeetan zehar.

1921 urtean sortu zen CSN sindikatua, gaur egun 330.000 kiderekin Quebec-eko (9 milioi biztanle) bigarren sindikatua dena, bere 68. kongresua ospatzen ari da maiatzaren 25etik 29ra Quebec hirian.

Kongresua sindikatuen kontrako oldarraldi betean iritsi da. Eskuineko gobernuak sindikatuen boterea murrizteko hiru lege gogor onartu ditu eta sindikatuen kontrako mezuak zabaltzen ditu hedabide nagusien laguntzarekin. Eraso antolatu honek sindikatuak arazo, traba edo konplikazio bat direla dioen bitartean. CSNk sindikalistak izatearen harrotasuna ozen aldarrikatu nahi du kongresu honetan ‘Sindikalistak. Punto’ leloa erabilita.

Kongresura nazioarteko delegazio txiki bat gonbidatu dute. Haiek diotenez sindikatuarekin harreman gehien dutenak soilik gonbidatu dituzte. ELArekin batera, kongresuan daude AEBetako UE (United Electrical) sindikatua, Mexikoko FAT (Frente Auténtico del Trabajo), Brasileko CUT (Central Único dos Trabalhadores), Ameriketako CSA (Confederación Sindical de trabajadores y trabajadoras de las Américas), Belgikako CSC eta frantziar Estatuko CFDT.

Kongresuan 2.000 ordezkari inguru ari da parte hartzen eta beren zeregina, besteak beste, hurrengo hiru urteetarako sindikatuaren batzorde eragilea eta bide orria erabakitzea izango da. 2021etik CSNko presidentea den Caroline Senneville beste agintaldi baterako aurkeztu da, gainerako batzorde eragilearekin batera. Esan behar da kongresuan azken hiru urteetako jardunaren balorazio oso positiboa egin dutela 15.000 kide gehiago direlako eta sindikatuak deitu dituen greba kopurua inoizko handiena izan delako. 

Bide orriari dagokionez eskubideen, zerbitzu publikoen eta sindikatuen kontrako oldarraldi betean eta autoritarismoa indartzen ari den garaian, hurrengo hiru urteetan gizarte zibila antolatzen, indartzen eta aktibatzen jarraituko du CSNk, greben eta mobilizazioen bitartez, eskubideetan, askatasunetan, justizia sozialean eta elkartasunean aurrera egiteko.

Zentzu horretan, hurrengo kongresualdian CSNk independentziari buruzko iritzia eskatuko dio bere militantziari sindikatuak historikoki burujabetzaren alde izan duen posizioa berresteko asmoz. Izan ere, burujabetzaren gaia berriro ere eztabaida publikoan kokatu baita, PQ alderdi subiranistak urrian egingo diren hauteskundeetan irabazten badu independentzia erreferendum berri bat antolatukoo duela agindu baitu.

Sindikatuak azpimarratu du burujabetzaren gaia ez dela alderdien kontu esklusiboa. Gizarte zibila eta sindikatuak burujabetza ireki eta inklusiboa eraikitzeko ezinbesteko aktoreak direla aldarrikatu dute kongresuan. Zentzu horretan, ELA sindikatua etxean bezala egon da CSNren kongresuan, Quebec-en eta Euskal Herrian sindikalismo subiranistaren erronkek eta estrategiek antzekotasun handia dutelako. Estaturik gabeko bi nazioen artean asko dago partekatzkeo.