ELKARRIZKETA

Mitxel Lakuntza: “Betebehar bat daukagu: lortzea etxebizitza eskubidearen aldeko borroka bihar gaur baino biziagoa izan dadin”

2026/11/19
Mitxel Lakuntza: “Betebehar bat daukagu: lortzea etxebizitza eskubidearen aldeko borroka bihar gaur baino biziagoa izan dadin”

Pasa dira egun batzuk azaroaren 11ko greba orokorra egin zenetik. Zein da zure balorazioa? 
       
Oso positiboa izan zen. Milaka langilek lanuztea egin zuten eta 200.000 lagun baino gehiago izan ziren Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Eibar eta Tuterako kaleetan. Greba orokorrarekin honez gero hiru gauza lortu ditugu: Lehenengoa, jende asko eta askoren haserrea ikusaraztea eta agerian jartzea etxebizitza dela arazo sozial nagusia. Bigarrena, gure herriko erakunde eta alderdiei mezu bat bidaltzea, orain arte egin ez dutena egin dezaten, eta hirugarrena, Euskal Herriko etxebizitza sindikatuen lana eta aldarrikapenak aitortzea. 
       
Euskal Herrian urtebetean dagoeneko bigarren greba orokorra izan da…
       
Hala da. Martxoaren 17an ere mobilizazio handia egin genuen hemen erabakitako 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde. Soldata kaskarrak eta etxebizitza lortzeko zailtasuna eta prezio altuak dira pobreziaren eta prekaritate sozialaren zergati nagusiak. Euskal Herrian azaroaren 11ko grebak arrakasta izan du aurrez martxoaren 17koa ere handia izan zelako. Greba haren aurretik egin zen politizazio lana ez zen mugatu gutxieneko soldataren gaia lantzera; horregatik, oraingo grebaren arrakastarako aurrekaria izan da. 

Euskal Herrian 2000. urtetik hona egin ditugun 13 greba orokorrek oinarri bat eman digute; gutxieneko konpromiso bat badago, eta horregatik gurean greba orokorrek jarraipen handiagoa dute.  
       
Greba nola prestatu zen? 
       
Aitortu beharra dago ez zela oso ongi hasi. Edo behintzat ez ELAk nahi zuen moduan. Izan ere, beste organizazioei azaldu gehien aurre hartu behar genuela hemen, Madrilen zer erabakiko zen itxaron gabe, eta Euskal Herrirako deialdi bat egin behar genuela, beste batzuetan egin izan dugun bezalaxe. Hau zen gure ustez aukerarik koherenteena, hemengo esparruaren defentsa baita ELArentzat aldarri nagusietako bat; ez gara sindikalismo espainiarraren azpisistema bat. Bestalde, hemen beste data bat finkatzea baliagarri izan zitekeen hauteskundeetako logikatik urruntzeko. Jakina denez, ordea, LABekin hemen beste datarik ezin izan genuen adostu. 
       
Hala ere, deialdia gauzatu zen azkenean... 
       
Bai. Une horretan, LABekin ados jarri gabe, ez zegoen baldintzarik greba ELAk nahi zuen moduan antolatzeko. Ordutik aurrera lehentasuna eman genion etxebizitza sindikatuekiko lankidetzari eta Hego Euskal Herriko erakunde politiko guztiak interpelatzeari, etxebizitza arloan egiturazko aldaketak egiteko konpromisoa har dezaten. 
       
Nola joan da beste herri-organizazio eta sindikatuekiko harremana? 
       
ELAren iritziz, abiapuntua izan da azken urteetan batez ere etxebizitza eskubidearen aldeko herri-organizazioek egin duten lana aitortzea. Etxebizitza sindikatuen Sarea eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista izan dira horretan gehien mobilizatu direnak eta etxegabetzeen kontrako erresistentzia antolatu dutenak. 
       
Bestalde, grebarekin konpromiso militantea goraipatu nahi izan dugu, familiak egun batetik bestera kale gorrian gera ez daitezen poliziaren aurrean gorputza jartzen duten ehundaka gazte horien konpromisoa. Hau klase-elkartasuna da, eta horren kontrako jarrera da hainbat udalena, ez baitiote jendeari bizilekua izateko aukerarik ematen.  Greba honetan nabarmendu dira organizazio hauen aldarriak eta protagonismoa, eta merezi zuten aitortza ere jaso dutela uste dut. 

Salaketa eta mezu politikoen artean ELAk bat ozen adierazi du: hau lapurreta bat da...
       
Bai, lapurreta antolatua da. Enpresak inoiz baino etekin handiagoak ari dira lortzen, baina patronalak soldata kaskarrak ordaintzen jarraitu nahi du; aldi berean, bankuek, funts putreek eta errentadunek soldataren zati handi bat bereganatzen dute, gero eta garestiagoak diren hipoteka eta alokairuekin. Eta gobernuek bat egiten dute honekin. 
       
Horregatik, aurtengo bi grebak lapurreta horri eman nahi diogun erantzuna izan dira. Bi deialdietan langileriak erakutsi duen konpromisoa dugu gauzak aldatzeko indarrik handiena;  areago garai hauetan.  
       
ELAk nabarmendu du etxebizitzaren egoerak agerian jarri duela politika instituzionalaren porrota…
       
Bai, baina ez ELAk esaten duelako; aski da erakunde guztietan erabaki izan den politikari erreparatzea. Euskal administrazioek etxebizitza eremuan dituzten eskuduntzak ez dituzte erabiltzen. Herri honetako egitura instituzional guztiak, esaterako Chiviteren eta Pradalesen gobernuek, aldundiek eta udalek, kale egin dute: ez dute bermatu milaka lagunentzako etxebizitza izateko aukera.
       
Politika egokirik ez da egin, eta horrek ekarri du etxebizitza izatea gaurko arazo sozial nagusia. Ez da erabakirik hartu espekulazioa borrokatzeko, ez eta diru publiko nahikorik bideratu ere alokairuko etxe babestuen kopurua handiagoa izan dadin. Egia da azken urteetan neurriak hartu direla babestutako etxebizitzen kalifikazioari eusteko edota errenten prezioa mugatzeko, baina arazoa konpontzetik oso urrun geratu dira. 
       
Pradalesen eta Chiviteren gobernuek datorren urterako egin dituzte aurrekontu proiektuei begira diezaiegun. Ezin da onartu arazo sozial nagusia bideratzeko Jaurlaritzak aurrekontuaren % 2,8 besterik ez jartzea, eta Nafarroako Gobernuak are gutxiago, % 1,6. Badago baliabide eta aukerarik aurrekontu hori handiagoa izan dadin. Gure iritziz, aurrekontu horiek onartu edo babesten dituzten alderdi politikoek azaroaren 11ko arrazoi eta proposamenei muzin egingo diete. 
       
Antipolitikaren gorakada ez da aldaketak galdegiteko erakundeen aurrean mobilizatzen diren organizazioen ardura; aldiz, posible da gobernuek ezer egiten ez dutelako eta utzikeria politikoagatik.  
       
Orduan, zein da irtenbidea?
       
Hasteko, oinarrizko kontu bat aitortu behar da: Jendearen bizimodua hobetzeko botere ekonomikoei aurre egin behar zaie, bankuei, promotoreei eta errentistei. Tamalez, euskal politikan halakorik ez da gertatze. Behin eta berriz esan izan dugu ideia bat: Etxebizitza ezin da negoziogai izan.  
       
Horregatik, erabaki politikoak hartu beharko lirateke espekulazioa debekatzeko, horretan dabiltzan enpresa eta bankuak espropiatzeko eta etxebizitzara doan inbertsio publikoa handitzeko, alokairuko bizileku babestuen kopurua behar adina gehitzeko. 

Gainera, Gasteizko eta Iruñeko gobernuek erabaki batzuek epe laburrean har ditzakete, esaterako aurrekontuetako inbertsioa handitu epe erdira BPGaren % 2raino irits dadin, hau da, EAEko egungo 504 milioi euroren ordez 2.000 milioitik gora izan daitezen, eta Nafarroan 117 milioiren ordez 600. 
       
Bestalde, hutsik dauden etxebizitzen gaineko zergak areagotu behar dira, 40.000 etxebizitza mobilizatzeko, eta banku publiko bat sortu behar da. Funtsean gauza da egin dezatela orain arte egin ez dutena etxebizitza langile-klasearen mesederako izan dadin, ez espekulatzaileena. 
       
Jaurlaritzaren izenean Pradales Lehendakariak eta Torres Lehendakariordeak esan dute ez dituztela ulertzen gobernuari zuzendutako kritika eta proposamenak…
       
Arazoa ez da ulertzea, baizik eta ez dutela onartu nahi erantzukizun bat dutela. Berriro diot, etxebizitza alorreko eskuduntza gehienak dituzte, baina fiskalitatean bezala, eskuduntza horiek interes ekonomikoen esanetara jartzen dituzte, ez jende arruntaren beharren zerbitzura. Gainera, Torresi gogoratu behar zaio bere alderdiak, PSEk, etxebizitza saila bere esku duela Lakuan, eta Nafarroako gobernua ere bai. Arduraren bat badagokio, ez? 
       
Mikel Torresek argi esan du berak babestu duen greba UGTrena eta CCOOena izan dela; haatik, hauek egin duten deialdi abstraktuarekin ez dute inor interpelatu. Eta zer esango dugu gobernuko beste bazkideak, EAJk, Estatuan maizterren kontra bozkatu duenaz? Errentisten, bankuen eta eraikuntza enpresa handien interesetatik gertuen dagoen alderdietako bat da.   

Praktikan zer da erakunde eta alderdien aurrean etxebizitza eskubidea defendatzeko espazio sozial autonomoa eraikitzea? 
       
Greba honi jarraipena ematea da. Etxebizitza politiketan aldaketak lortzeko gobernuak eta alderdiak estutzen jarraitu behar dela uste dugun sindikatuok eta herri-mugimenduok kontrabotereko lan-eremu autonomo bat indartu behar dugu. 
       
Grebarekin interpelazio politikoan jauzi handia egin dugu, baina betebehar bat badugu oraindik, eta betebehar hori gure esku dago: lortzea etxebizitza eskubidearen aldeko borroka bihar gaur baino biziagoa izan dadin.