Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko grebak jarraipen zabala izan du

2022/04/19
SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta UTESEk salatu dute Lan Sailak eta Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko Zuzendaritzak grebak zentroan duen eragina minimizatzen saiatzen jarraitzen dutela, eta gehiegizkoak diren gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituztela, kasu batzuetan %100era iristen direnak, hala nola dohaintza arloan (kalean odola emateko autobusen bidez eskaintzen den zerbitzuan). Oztopoak oztopo, deialdi berri honetako grebaren lehen egunean (apirilaren 20, 21 eta 22an ere greba egingo dute), langileek manifestazioa egin dute 07:00etan Galdakao-Usansoloko Ospitalean eta inguruetan, jasaten duten diskriminazioaren amaiera eskatzeko eta Osakidetzari negoziatzeko benetako borondatea ager dezala eskatzeko.

Sindikatuek ziurtatu dute, gainera, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko Zuzendaritzak berriro urratu duela langileen grebarako eskubidea, eta gogorarazi du aurreko greba egunetan Lan Ikuskaritzak hala egiaztatu zuela. Beste behin ere, zentroko grebalariak ordezkatzea agindu du, eta horrek agerian uzten du zentroa eta Osakidetza grebaren eragina minimizatzeko ahaleginetan ari direla.

Kexu dira Osakidetza ez dagoelako prest langileen aldarrikapenei erantzuteko. Mahai Sektorialak apirilaren 1ean egin berri duen bileran, erakunde publikoak are gehiago sakondu zuen zentroko plantillaren diskriminazioan. Izan ere, bertan adierazi zuen ez dela lehentasunezko gastua, eta langile horiek ez dutela funtzio espezializaturik egiten.

Bitartean, egun bat lehenago, Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen 2021ean 600 milioi euro aurreztu zituela. “Argi dago, beraz, Eusko Jaurlaritzak ez duela lehentasunik osasunean inbertitzeko”, salatu dute sindikatuek.