OSAKIDETZA

ELAk aliantzak eta mobilizazioak bultzatuko ditu hamabost urtez berritu gabeko lan-baldintzak negoziatzeko

ELAk aliantzak eta mobilizazioak bultzatuko ditu hamabost urtez berritu gabeko lan-baldintzak negoziatzeko
ELAk aldarrikapen-plataforma helarazi dio Osakidetzari. 1.500 langile baino gehiagoren artean egindako galdeketan oinarrituta dago plataforma hori, eta, besteak beste, soldatetan, lanaldian, kontziliazio-neurrietan eta lan-kargen murrizketan egin beharreko hobekuntzak biltzen ditu.

Arestian aipatutako aldarrikapen-plataformak, oinarrizko 11 puntu jasotzen ditu, eta, horien artean, honako hauek nabarmendu daitezke:

  • ORDAINSARIAK:

      • 2022-2026 urteetan galdutako erosahalmena berehala berreskuratzea, % 2 gehituta; horren baitan % 9,5eko igoera eskatu du kontzeptu guztietan.

      • Aurreko urteetan galdutako eros-ahalmena aitortu eta berreskuratzeko konpromisoa.

      • Lanpostuen balorazioa, lanpostu bakoitzaren ordainsariak zehazteko; eta baita egungo osagarrien kontzeptuen eta zenbatekoen aktualizazioa.

  • LANALDIA:

      • 32 orduko lanaldi arrunta astean.

      • Lanaldi osagarria (guardiak) eta aparteko orduak (autokontzertazioa) ezabatzen joateko plangintza bat egitea. Bi lanaldi horiek lanaldi arruntari gehitzen zaizkio, eta horrek esan nahi du jardunaldi oso luzeak egiten dituztela langileek, osasunaren eta arreta-kalitatearen kaltetan. Irtenbide bakarra langile gehiago kontratatzea da, bi modalitateak ezabatzeko.

  • PLANTILLAK GAZTETZEKO PLANA: Langile guztientzako txanda-kontratua eta lanaldi arruntaren murrizketa adinaren arabera, praktikan, langileak zerbitzuak emateari uzten dion adina aurreratzeko.

  • ENPLEGUA ETA LANBIDE-BIRSAILKAPENA: Behin-behinekotasun tasa % 8ra jeistea meritu lehiaketa bidezko hautaketa-prozesuekin; lanbide-birsailkapena hezkuntza-sistema berrira eta kategoria bakoitzaren erantzukizunetara eta profilera egokituta. Birsailkapen horrek ondorio ekonomikoak izan behar ditu.

  • KONTZILIAZIO NEURRIAK: Lizentzietan eta baimenetan hobekuntzak egitea eskatzen da, lana eta familia hobeto uztartu ahal izateko. Azpimarratu behar da Osakidetzako langileen %80 emakumeak direla.

  • LAN OSASUNA: Lan-kargen ebaluazioa eta murrizketa. Arrisku psikosozialei heltzea.

  • EUSKARA: 15 urterako plangintza, lanpostu guztietan bi hizkuntza ofizialak derrigorrezkoak direla bermatuko duena, eta langileak euskalduntzeko behar diren baliabideak ezarriko dituena.

  • BERDINTASUN-PLANAK: berdintasun-plan eraginkorrak adostea. Gogoratu behar da Osakidetzak II. Berdintasun Plana martxan jarri duela inongo sindikaturen babesik gabe.

  • Langileen formakuntzari eta lan-egutegiei buruzko hobekuntzak ere eskatzen dira.

    ELAk Osasun Sailari eskatu dio gai horiei modu integralean heltzeko, Osakidetza osatzen duten kategoria eta lanpostu guztiak kontuan hartuta; izan ere, kolektibo batzuentzat bakarrik hobekuntzak bermatzeak ez du lortuko osasun-sistemaren eta plantillen arazo orokorrak arintzea.

    Osakidetzak 15 urte daramatza bere langileen lan-baldintzak berritu gabe, eta Lan Baldintzen Akordio Araultzaile berri bat lortzeko negoziazioek ez dute aurrera egiten: legegintzaldiaren hasieran Pradalesek iragarri zuen jarrera berria gorabehera, Mahai Sektorialean ez dago aurrerapausorik. Legegintzaldiaren urte eta erdi baino gehiago igarota Sailak akordioaren negoziazioa zatitzeko asmoa du, negoziazioa atzeratuz eta baldintzatuz.

    Gauzak horrela, Osakidetzak berak aste honetan bertan emandako datuen arabera, egun iraupen luzeko 19.326 aldi baterako langile daude, hau da, plantillaren % 43; horiei 3.000 inguru gehiago gehitu behar zaizkie iraupen laburreko aldi baterako kontratuekin; ea beste 2.014 plaza daude bete gabe, horietatik 636 fakultatiboei dagozkie. Horri gehitu behar zaio, besteak beste, metatutako eros-ahalmenaren % 20ko galera eta lan-kargen hazkundea langile gutxi daudelako.

    Osasun Sailburuak EPEei eta beste gai batzuei buruzko iragarpenak egin dituen arren, Osakidetzako langileek lan-baldintza prekarioak pairatzen dituzte, eta hori dira kategoria batzuetan profil gutxi izatearen arrazoia. Hala ere, ELAk adierazi duenez, "Osasun Sailak, bere erantzukizunak bere gain hartu eta langileen lan-baldintzak hobetzeko lanari ekin beharrean, Madrilera begiratzen du eta Ministroari aurrerapausuak emateko eskatzen dizkio. Ez du esaten, baina, bere esku dagoela plantillak aldarrikatzen ari diren arazoak konpontzea, adibidez, 24 orduko nahitaezko guardia medikoak kentzea".

    Ertzaintzan edo Hezkuntzan lortutako akordioek erakusten dute borondate politikoa baldin badago, soldata edo erretiro aurreratua bezalako gaiak hobetu daitezkeela. Gogora dezagun hobekuntza horiek bi sektoreetan egindako mobilizazioen ondorioz gertatu direla. ELAk aliantzak eta mobilizazioak bultzatuko ditu Osakidetzan Akordio Arautzaile berri baten negoziazioa lortzeko. Izan ere, 15 urte baino gehiago daramatza berritu gabe.