Mobilizazioa Iruñean

Pentsioen murrizketa galaraztea eskatu die ELAk Geroa Bai, EH Bildu eta Unidas Podemosi

2023/02/23
Pentsioen murrizketa galaraztea eskatu die ELAk Geroa Bai, EH Bildu eta Unidas Podemosi
Pedro Sanchezen Gobernuak pentsioak murrizteko duen asmoaren aurka mobilizatu da gaur ELA Iruñean, eta Geroa Bairi, EH Bilduri eta Unidas Podemosi dei egin die proiektu hori Kongresura iristen bada aurka bozka dezaten. Nafarroako Antzerki Eskolan egindako ekitaldian Mitxel Lakuntza ELAko Idazkari Nagusia, Imanol Pascual ELA-Nafarroako koordinatzailea, Saioa Urriza ELA-Iruñeko arduraduna eta Josetxo Mandado ELA-Zerbitzu Publikoakeko kideak izan dira, ehunka militanterekin batera. Ekitaldiaren ostean, elkarretaratzea egin dute Iruñeko udaletxearen aurrean, ez soilik pentsioak defendatzeko, baita negoziazio kolektiboan soldata igoerak eskatzeko ere, eta zerbitzu publikoen defentsa eraginkorraren alde.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak hiru ideia nagusitan oinarritu ditu mobilizazioak: langileen pobretze prozesuari aurre egitea; kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak aldarrikatzea; eta pentsioak defendatzea etengabe jasaten dituzten erasoen aurrean. Fiskalitateari dagokionez, Lakuntzak gogorarazi du Nafarroan zazpi aurrekontu onartu direla UPNk Gobernua utzi zuenetik, baina hala ere, "Barcinak utzitako eredu fiskal bera" izaten jarraitzen duela herrialdeak, "Geroa Baik, Podemosek, EH Bilduk eta, azken urteotan, PSEk babestuta".

ELA-Nafarroako koordinatzailea den Imanol Pascualek, bere aldetik, salatu egin du Nafarroako administrazioak "soldaten debaluazioaren abangoardian" egotea. Gobernuek eta patronalek "estrategia partekatu bat" dutela, esan du, "soldatek pisua gal dezaten". "Enpresek negoziazio kolektiboa blokeatzen dute -jarraitu du-; hor ditugu, adierazle, zenbait sektoretako grebak: Egoitzak, Aisialdia eta Kultura, Bulegoak, Kirol kudeaketa...". Euskal Sindikatuak bultzatutako beste greba batzuk gogoratu ditu ere, tartean San Andres, Schneider, Conasa, Sabico eta UDC Txantrea enpresetakoak. Eta "aparteko aipamena" eman nahi izan dio La Moreako H&Mko langileen grebari. Plantilla hori, gainera, antzokiko oholtzara igo da eta militanteekin partekatu du beraien borrokaren nondik norakoa.

Bestalde, Josetxo Mandadok (ELA-Zerbitzu Publikoak) Chiviteren Gobernuak sektore publikoan duen politika salatu du eta grebek Nafarroako Gobernuaren aitzakiak desegiteko balio dutela nabarmendu du. "Dirurik ez dagoela dio (Chivitek), baina hobekuntza korporatiboak adostu ahal izan ditu oso sektore konkretu batzuentzat, Medikuen Sindikatuarekin gertatutakoak erakusten duenez", esan du.

Iruñeko mobilizazioa ELAren beste urrats bat izan da pentsioen, zerbitzu publikoen eta eskubide sozialen defentsan. Mobilizazioek bihar jarraituko dute Bilbon eta, Gobernuek langile klasearekiko duten jarrera aldatu ezean, jarraituko dute hurrengo hilabeteetan ere.