Epaileak Agifes elkartea kondenatu du askatasun sindikalaren eskubidearen aurka egiteagatik
Lan-arloko Donostiako 5 zk.ko Epaitegiak bere epaia eman du, Agifes elkarteak 2015eko ekainean ELAko ordezkari bat, antolamendu-arrazoiengatik kaleratzeagatik. Elkarteak jakitera eman zion ordezkariari kaleratzearen berri, antolamendu-arrazoiak argudiatuz, zerbitzua berrantolatzearen ondorioz ELAko ordezkariaren lanpostua eginkizunik gabe geratuko zelakoan, eta birkokatzeko batere aukerarik ez zelakoan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bat dauka Agifes elkartearekin, adimen-desgaitasun etorria duten pertsonei zenbait zerbitzu emateko. 200 pertsonari baino gehiagori eta haien senideei ematen die zerbitzua, 1985. urtean sortu zen elkartea, eta giltzarri izan da familia askoren ongizatean, adimen-gaixotasunaren dramaren erdian. Elkarteak ia 1000 bazkide ditu, eta etxebizitzak, eguneko zentroak, aisialdiko programak eta tailerrak antolatzen ditu adimen-urrituen senideentzat.
Elkarteak kanpoko kudeatzaileen eskuetan utzi du zerbitzuaren administrazioa. Oraingo kudeatzaileek zentzurik gabeko kaleratze-politika bati jarraitu diote; eta, sindikatu honen iritziz, hain kostu handietan sartzeak arriskuan jar dezake Agifesen proiektua. Desgaitasun psikikoa duten pertsonei eta haien senideei bizimodua errazten aritu den elkarte batek, hain gizarte-eginkizun laudagarria gauzatzen aritu den elkarte batek horrelako diru-kostu handiei ekitea ez da ulergarria, are gutxiago finantzabideak urriak eta gutxiegiak dituztela behin eta berriz esan dutenean, eta gainera lehen mailako profesionalez osaturiko plantilla bat izanik.