PALESTINA
Lurralde okupatuetan CocaColak duen lantegia ixteko eskaria aurkeztu du ELAk
Norbegako (Galdakaoko Coca Cola) ELAko atal sindikalak zuzendaritzan eskaera arurkeztu du, multinazionalak Ataroteko (Jerusalem Ekialdea) asentamendu israeldarrean lan egiteari eta ekoizteari uzteko. Asentamenduak legez kanpokoak dira nazioarteko zuzenbidearen arabera.
ELAk, CocaColak Galdakaon duen lantegiko 7 ordezkariren bitartez, Israelekin harreman komertzial guztiak amaitzeko eskatu dio konpainiari. Zehazki, eskaera bat erregistratu du Jerusalem Ekialdean konpainiak duen lantegia ixteko.
Lantegi hori Central Bottling Company frankiziaren bidez dago martxan Atarot asentamendu israeldarrean, palestinar lurralde okupatuan. ELAk aldarrikatu du ezin dela inolako harremanik egon Palestinar herriaren gaineko genozidioa egiten ari den Estatu batekin.
Coca Cola multinazionalak, Norbega filialaren bidez, Galdakaon duen ekoizpen plantan 270 pertsona inguruk lan egiten dute. Enpresa Batzordea ELAko 7 pertsonak eta UGTko 6 pertsonak osatzen dute.