Krisia eta murrizketak lan osasunaren kaltetan erabiliko dira

2012/04/26
ELAren ia 300 ordezkari elkarretaratu dira gaur goizean Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean, lan osasunaren aldeko esku-hartze handiagoa eskatzeko. Datorren larunbatean, apirilak 28, Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko da.

 

Protestaren aurretik, ELAko ordezkariek batzarra egin dute Nafarroako Antzerki Eskolaren egoitzan. Bileran lan osasun eta segurtasun arloko arduradunek eta Adolfo Muñozek, idazkari nagusiak, parte hartu dute. Aurten arrisku psikosozialek aparteko garrantzia izango dute ELAko aldarrikapenen artean.

ELAko arduradunak bat etorri dira lan erreformaren ondorioz lan istripuak gehitzeko arriskua handiagoa dela aipatzerakoan. Era honetan, lan erreformaren aurkako mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu dute.

Bihar, apirilak 27, Gasteizko Europa Jauregian beste batzar bat egingo da, eta ondoren SEA patronalaren egoitzaraino manifestazioa egingo da.