bizkaiko gasolindegiak

Sindikatu eta patronal euskarafoboek gaztelania inposatu dute mahai negoziatzailean

Sindikatu eta patronal euskarafoboek gaztelania inposatu dute mahai negoziatzailean
ELAk berehalako itzulpen zerbitzua eskaini ondoren, CCOO sindikatuak ihardetsi du itzulpena ukatzeko: “¿Qué vais a ir, de ONG?” edota “no se está vulnerando ningún derecho”. Lan Harremanen Kontseiluak beste behin uko egin dio itzulpen zerbitzua eskaintzeari eta ez die babesik eskaini euskaraz aritu nahi zuten pertsonei edo euskararen presentzia erraztu nahi zuten erakundeei eraso euskarafoboen aurrean.

Iraila hasieratik, Bizkaiko Metaleko mahai negoziaketatik aurrera beste negoziaketa guztietan egin den moduan, ELAk euskaraz negoziatu ahal izatearen eskubidea berretsi du Bizkaiko Gasolindegietako negoziaketa mahaian. Oraingo honetan ere, Lan Harremanen Kontseiluak ez du sektore mailako hitzarmenen negoziazioetan trebatutako aldi bereko itzulpen zerbitzua jarri. Hori dela eta, ELA sindikatua izan da baliabideak jarri behar izan dituena parte-hartzaile guztien hizkuntza-eskubideak bermatu ahal izateko. Izan ere, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko, eragile ezberdinetako ordezkari guztiek euskara ulertu ezean, ezinbestekoa da kalitatezko itzulpen zerbitzua ematea euskaraz negoziatzeko aukera izan dezaten nahi duten ordezkariek.

Hau gutxi balitz, gaurkoan zuzenean eraso euskarafoboa jasan dute sindikatu euskaltzaleek. CCOO sindikatuak uko egin dio ELAren itzulpenerako laguntza hartzeari eta horretarako argudioak ondorengoak izan dira: “¿Qué vais a ir, de ONG?” edota “no se esta vulnerando ningún derecho”. Hau da, CCOOko ordezkariak ELAri aurre egin dio itzulpen laguntza eskaintzeagatik eta ukatu egin du espreski negoziatzaileek euskaraz aritzeko eskubidea dutenik.

Patronalak eta CCOO sindikatuak uko egin diote bilera egiteari parte-hartzaileek eukaraz egin nahi bazuten. ELAren iritziz eraso euskarafobo hau onartezina da. ELAk negoziatzaile guztiek euskaraz eta gaztelaniaz egiteko aukera eskaini du, norberen ahalen eta nahien arabera, eta patronalak eta CCOO gaztelaniaz hutsez negoziatzea inposatu nahi izan dute.

Era berean, ELAk salatu du Lan Harremanen Kontseiluaren babesgabezia eraso honen aurrean. Erakunde publikoen egitekoa da herritarren hizkuntza-eskubideak babestea eta onartezina da azaldutakoa bezalako eraso baten aurrean sindikatu euskaltzaleei inongo babesik ez eskaintzea. Egoera honen aurrean, ELAk galdetzen du: Ondorengo negoziaketean berdin jardungo du?