ELAk txarretsi egin du sindikatu eta patronalentzako dirulaguntzak gehitzen dituen Foru Legea

2016/12/02
ELAk agerian utzi nahi du atzo Nafarroako Parlamentuan erabaki zen Foru Legearen aurka dagoela; honek 528.000 euroko kreditu gehigarria ezartzen du, “sindikatuak (352.334 euro) eta patronalak (176.166 euro) finantzatzeko aurrekontu-zuzkidura gehitzeko”.

Sindikatu honen iritziz nabarmendu beharrekoa da Nafarroako Gobernuko inork ez diola ELAri jakinarazi aurrekontu-sail hori gehitu egingo zenik; areago, ez da inolako negoziaziorik izan. Izan ere, ELAk diru kopuruaren berri eta Foru Lege moduan tramitatuko dela Nafarroako Parlamentuak ezagutzera emandakoan jakin du.

ELAk salatu duenez, diru hau etengabe eskatzen ari diren UGT eta CCOO sindikatuen eta CEN patronalaren finantzazio publikoa mantentzeko beste saio bat da; sasi-elkarrizketa sozialarekin lotuta dago. Haatik, orain arte eman zaien faborezko tratua hain deigarria izanik, lege hau erabaki duten alderdi politikoak (Geroa Bai, EH Bildu, PSN, I-E eta PP) ELA eta beste sindikaturen bat sartu beharrean gertatu dira, hauek sekula eskatu eta negoziatu ez duten arren. Parlamentuak erabakitako legeak dio bere xedea dela diru publikoz “sindikatuen eta erakunde enpresarialen funtzionamendu normala ahalbidetzea”; hau ELAk ez du inola ere behar.

Honi dagokionez ELA bat dator legearen kontrako botoa eman duen talde parlamentarioarekin (Ahal Dugu), eta gainerako indar politikoei galdegin die azal dezatela aurrekontuko zein beste sailetik kenduko den dirua sindikatu eta patronalarentzako dirulaguntza gehitzeko.