GIPUZKOAKO ERRESIDENTZIAK

Gipuzkoako erresidentzietan urtean zehar gutxieneko zerbitzuekin lan egiten da

Gipuzkoako erresidentzietan urtean zehar gutxieneko zerbitzuekin lan egiten da
Abenduaren 29an sektore osoko greba eguna dute; bestalde, sei erresidentzietan 50 greba egun bete dituzte. Jaurlaritzak %90era handitu ditu erresidentzietako eta eguneko zentroetako gutxieneko zerbitzuak. Horrek agerian uzten du eskasegiak direla Aldundiak ezarritako plantillak

Abenduaren 29an 50 greba egun bete dituzte Errenteriako Sagrado Corazon (Eulen Sociosanitario), Donostiako Villa Sacramento (Domusvi-Mitie), Txara II (Biharko Gipuzkoa) eta La Paz (GSR), Zumaiako San Juan (Clece mayores) eta Zumarragako Argixao (Gerozerlan-Matia) erresidentzietako langileek. Izan ere, Gipuzkoako sei erresidentzia horietan greban daude azaroaren 21etik.

Gainera, sektore guztian ere deituta dago greba hitzarmenaren alde. Hori dela eta, Donostiako Txara erresidentziatik hasi dute manifestazioa langileek. Ondoren, Eusko Jaurlaritzaren lan delegaritza aurrean geldialdia egin dute salatzeko ez duela esku-hartzen auziari konponbidea emateko, eta kontratara, egin duen gauza bakarra dela gutxieneko zerbitzuak handitzea. Hain zuzen ere, gutxieneko zerbitzuak %90eraino handitu ditu. Horrek agerian uzten du Jaurlaritzak zein Aldundiko dekretuak ezarritako urteko langile kopurua oso eskasa dela, eta urte osoan zehar plantillak gutxieneko zerbitzuen pare lan egiten dutela.

Gainera, grebalariek manifestazioan salatu dute enpresek urte osoan zehar ez dituztela ratioak betetzen, ordezkapenak ez baitira egiten. Aldundiak eta Jaurlaritzak, ordea, ez du neurririk hartzen hori ez gertatzeko, greba egunetan ez bezala. Horregatik bi erakunde horiek hipokrisia salatu dute manifestazioan.

Egoera hori izanik, langileek ratioa handitzeko eta grebaren konponbiderako esku har dezala eskatu dio ELAk Jaurlaritzari.