Estatuko Gobernuak, UGTk eta CCOOek langile publikoen pobretze prozesuan beste urrats bat egin dute

2022/10/04
Atzo Madrilen egindako Estatuko Administrazio Publikoen Mahai Orokorrean, azken asteotan Estatuko Gobernuak CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek mahaitik kanpo negoziatutakoa irudikatu zen. Aurretik egindako bilera horietara ez dira deituak izan ez ELA eta ezta CIGa ere, nahiz eta negoziazio mahaiko kideak izan. ELAk mobilizazioak bultzatuko ditu akordio hori Euskal Herrian aplikatu ez dadin eta KPIa eta enpleguaren kontsolidazioa bermatu daitezen.

Adostutako proposamenarekin, langile publikoen pobretze prozesuan beste urrats bat egin dute. Soldatari dagokionez, 2022rako proposatutako % 1,5eko ordainsari gehigarriak %3ko erosahalmena galtzea dakar aurten (2021eko KPI % 6,5). 2023rakoak %2,5ekoak, beste puntu portzentual batean handitu daitekeena, KPIaren egungo bilakaera ikusita, berekin ekarriko du 2023an erosahalmenaren gutxienez % 5etik gorako galera; beraz, 2023rako galera metatua %20tik gorakoa izango da. 2024rako ez dute soldaten inguruan inolako proposamenik egin.

Enpleguari dagokionez, estatuko gobernuak berretsi du enpleguan ere bere estrategia uniformizatzailea eta zentralistaren aldeko apustua, erreposizio tasak ezarriz. Estatuko gobernuak erabaki nahi ditu Euskal Herriaren enpleguaren beharrak.

ELAk Estatuko Administrazio Publikoen Mahai Orokorrean bileran parte hartu du, eta ezetza borobila adierazi dio proposamenari, langile publikoen pobretze prozesuan eta estrategia uniformizatzailea eta zentralistaren pauso berri baten aurrean kokatu behar delako akordioaren edukia. Era berean, euskal sektore publikoaren lan baldintzak gure herrialdean erabaki ahal izateko gaitasuna errespetatzeko eskatu dio ELAk Estatuko Gobernuari.

Bestetik, ELAk bileran izan diren Gasteizko eta Iruñeko Gobernuko ordezkariei eskatu die autogobernua eta sektore publikoko eskumen propioak defenda ditzatela, eta bertan soldata eta enplegu baldintzak negoziatzeko borondate irmoa erakutsi dezatela, langile publikoen erosahalmena eta behin-behineko langileen enplegua kontsolidazioa bermatzeko.

Era berean, ELAk dei egiten die Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdi politikoei, euskal sektore publikoaren gaineko eskumenak berriro Espainiako Gobernuaren gain ez uzteko eta botoa soldata eta enplegu publikoa Euskal Herrian negoziatzeko gaitasuna bermatzera baldintzatzeko.

ELAk argi du eskumenen defentsan, zerbitzu publikoen defentsan, eta langile publikoen KPIa bermatzeko eta behin-behinekotasunarekin amaitzeko udazkenean mobilizazioa eta greba bultzatuko dituela.