ELAk lortu du EAEko probintzia hitzarmenen lehentasuna mantentzea
ELAk eta ARTE patronalak akordioa sinatu dute gaur, uztailaren 29an, EAEko ehungintzako merkataritzako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hitzarmenak lehentasunez aplika daitezen. Horrela, martxoan lortutako babesari eutsiko diote, Lan Ministerioaren errekerimendu batek hura kolokan jarri ostean.
Martxoak sinatu zuten ehungintzako merkataritzako lehen Estatuko hitzarmena. Testuak berariaz uzten zuen EAE haren aplikazio eremutik kanpo, eta, ondorioz, lurralde hitzarmenen lehentasuna bermatzen zuen. ELAk sektorean bultzatutako hogeitik gora greba egun eta mobilizazioen ondorioz lortu zuen akordio hura.
Uztailaren 7an, ordea, Lan Ministerioak hitzarmenaren hainbat atal zuzentzeko eskatu zien sinatzaileei. Horien artean zegoen EAE aplikazio eremutik kanpo uzten zuen klausula ere, eta horrek martxoan adostutako blindajea arriskuan jarri zuen.
Harrezkero, ELAk lanean jardun du egoerari irtenbidea emateko eta lurralde hitzarmenen lehentasuna bermatzen jarraitzeko. Gaur sinatutako akordioarekin, ELAk eta ARTEk behin betiko bermatu dute EAEko lurralde hitzarmenen aplikazioa, martxoan adostutako baldintzei eutsita.