ANALISIA

KPIaren igoerak langile-klasea kolpatu du, baina enpresek marjinak handitu dituzte

2026/09/15
ELAk salatu du enpresak inflazioaren gorakada baliatzen ari direla errentagarritasun-maila handiei eusteko, erregaien eta hipoteken garestitzeak erosteko ahalmena murrizten duen bitartean.

TXOSTEN OSOA HEMEN

KPIak gora egin du berriro abuztuan, eta energiaren garestitzea langileen bizi-baldintzetan eragin zuzena izan duela egiaztatu da. Inflazioa % 4,3an kokatu da, aurreko hilean baino zazpi hamarren gehiago, eta azpiko inflazioa % 2,9an mantendu da. ELAren ustez, datu horiek agerian uzten dute prezioen igoera arazo nagusietako bat izaten jarraitzen duela langile klasearentzat.

Erregaien garestitzea nabarmena izaten ari da gorakada horretan. Gasolina eta diesela berriro ere garestitu dira, nazioarteko egoeraren eta petrolioaren prezioaren igoeraren ondorioz. Hala ere, prezioen igoera guztia ezin da energiaren kostuen gorakadarekin azaldu. Enpresen marjinei buruzko datuek erakusten dutenez, zenbait enpresa egoera hori baliatzen ari dira errentagarritasun mailari eusteko, eta are handitzeko ere. Enpresa Marjinen Behatokiaren azken datuak bereziki adierazgarriak dira energiaren sektorean. Petrolioa fintzearen salmenta-marjina % 41,5ekoa izan da, aurreko urteko hiruhileko bereko % 14,2aren aldean; erregaien handizkako merkataritzak, berriz, % 34tik gorako marjinei eusten die.

ELAren ustez, datu horiek erakusten dute inflazioa ez dela soilik kanpoko faktoreen ondorioa. Enpresen erantzukizuna ere badago prezioen bilakaeran. Soldatek galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko zailtasunak dituzten bitartean, enpresek kostuen igoerak prezioetara eramateko eta marjinak babesteko gaitasuna dute. Hori guztiori, gainera, enpresen mozkinak hazten ari diren testuinguruan. Ibex 35eko enpresek 39.380 milioi euroko irabaziak izan zituzten 2026ko lehen seihilekoan, aurreko urteko aldi berean baino % 30 gehiago.

Aldi berean, Europako Banku Zentralak hartutako erabakien ondorioak, beste behin ere, etxeetako ekonomien bizkar erortzen dira. Interes-tasen igoerak eta Euriborraren gorakadak hipoteken kostua garestitu, eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunak areagotu dituzte. Hamabi hilabeteko Euriborra % 3,3tik gorakoa da dagoeneko, duela urtebete %2,2tik behera kokatu ondoren.

Horren ondorioz, krisiaren zama gero eta desorekatuagoa da gizartean. Hori dela eta, ELAk prezioetan eta enpresen irabazietan eragiteko neurriak eskatu ditu, eta ez soilik pertsonen kontsumitzeko ahalmenari eragiten diotenak. Ez da onargarria krisi berri bakoitzaren aurrean langileek izatea erosteko ahalmena galtzen dutenak, enpresek beren marjinei eusten dieten edo areagotzen dituzten bitartean. Lehentasuna soldaten erosteko ahalmena bermatzea eta sortutako aberastasuna birbanatzea izan behar da.