Euren politika antisozialek eragozten dute elkarrizketa soziala
Hona hemen Batzorde Eragilearen agiria:
Atzo ELAk bilera bat izan zuen Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailarekin. Ohar honetan sindikatuak bere posizioa finkatuko du gobernuak elkarrizketa sozialeko mahaia eratzeko duen asmoaz.
1.- ELAk berriro jakinarazi dizkio Jaurlaritzari honako puntuak:
-
Propaganda alde batera utzita, gobernuak doikuntza estrukturaleko politikak egiten ditu, elkarrizketa sozialarekin bateraezinak. Politika horiek gehienak PPrekin adostu ditu; hauen adibide batzuk: Defizitaren murrizketa (2015ean %1,7tik %0,7ra mugatzeak aurrekontuan 200 milioi gutxiago erabiltzea dakar); zor publikoaren ordainari emandako lehentasuna (gastua 200 milioitan gehitzen da); zerga-politika zeharo bidegabea, errenta altu, kapital eta enpresei pribilegiozko tratua ematen diena; ez zaio iruzurrari jazartzen, eta EBko batez besteko mailarekiko BPGd-aren 7 puntuko diferentziala mantentzen du (honek esan nahi du 4.660 milioi gutxiago biltzen direla). Ez da egia alternatibarik ez dagoenik. Jaurlaritzak injustizia hau zuzentzeko borondaterik ez dauka.
-
Funtsezko datu horietatik abiatuta, Lakuaren aurrekontu-politika (orain arte egindakoa nahiz etortzear dena) Rajoyk egiten duenaren antzekoa da. Gobernuak krisia dela eta egiten duen “ekarpena” enplegua suntsitzea (Osakidetza, irakaskuntza, EITB, azpikontratak...) eta murrizketa sozialak dira.
-
Jaurlaritzak aurrekontuko partida sozialetan gastua murriztu du, eta bere azken adierazpenetan kontzeptu berri bat plazaratu du: “oinarrizko eskubideak” defendituko omen ditu. Zer ote da hori? Gure ustez, benetako politika ezkutatzen saiatzeko eufemismo hutsa.
-
Bere zuzeneko ardurapeko esparruetan enplegatu publikoei ukatu egiten die negoziazio kolektiborako eskubidea. Arlo publikoan soldatak jaisteko egin duen apustua patronal pribatuarentzat ere eredu bilakatu da.
-
Jaurlaritzak proposatzen duen “elkarrizketa soziala” Espainiakoaren subsistema bat da, Nafarroan egiten denaren antzekoa. Madrili aurre egitea baztertuta, bere eginkizuna espainiar Gobernuak erabakitakoa adostu edo aplikatze hutsera mugatzen da. Ez dago eredu orekatu batera eraman dezakeen biderik; lege espainolak galarazi egiten du.
-
ELAren ustez nabarmendu beharrekoa da Jaurlaritzak Confebaski ematen dion babesa. Gobernuaren proposamenak ere (Lanbidearteko Akordioa) ukatu dituen patronal honi ez dio kritikarik txikiena egiten. Gure irudiko, patronal honek presio-lobby antidemokratiko gisa jokatzen du (bere ordezkaritza maila ez du egiaztatzen). Gobernuak jokabide horretaz inolako iritzirik ez du adierazten, eta erru guztiak ELAri egozten dizkio: hau gutxienik injustua eta neurrigabea da. Horri gehitu behar zaio politika industrialik ez duela egiten, eta tematuta dagoela enpresen gaineko zergak kentzeko gurutzadan (Tapia).
2.- Gainera, Jaurlaritzaren azken erabakiek gure ikuskera sendotzen dute. Honakoak aipa ditzakegu:
-
Bizkaiko Foru Aldundia erabili izana ELAk bultza eta 110.000 herritarrek sinatutako HEL Legebiltzarrean eztabaidatzea eragozteko; HEL horren helburua, azpikontratazio publikoan minimo batzuk aintzat hartzea. Ulergaitza da guretzat elkarrizketaren aldeko omen den batek eztabaida errotik erauztea, oinarrizko gaiei dagokienez.
-
Enplegu Publikoaren Legea. Lege estatalaren kopia izateaz gainera, negoziazio kolektiborako eskubidea ukatzen du eta enplegu publikoaren kudeaketa are arbitrarioago bihurtzen du, pribatizatzeko asmoz.
-
Kontziliazio laguntzak amaiarazteko gobernuaren aldebakarreko erabakia.
-
Beste gai batzutan erakusten duen xuhurkeria, esaterako ITZARRIko kuotak ez ordaintzea (gainerako euskal administrazioek Elkarkidetzarako ekarpenak egiten ari dira), edota 2012an kendutako aparteko pagaren %100 ez itzultzea; aldiz, Bizkaiko (EAJ) eta Arabako (PP) Aldundiek ordaintzeko asmoa ei dute, eta Gipuzkoako Aldundiak dagoeneko hala egin du.
Amaitzeko, Jaurlaritzak bileran emandako agiria lotsagarria dela uste dugu. Antza, beretzat oztopo bakarra da baten batek (ELAk) arazoak salatzea, eta horrelakorik ez du gogoko. Elkarrizketa soziala ez du ELAk eragozten, gobernuaren politika antisozialek eta legeek patronalaren alde eman duten astinduak baizik. Gobernuek desberdintasun soziala areagotzen ari diren artean sindikalismoak halako mahaietatik aparte egon beharko luke. Beste sindikatu batzuk parte hartzeko azalpen bakarra baliabide publikoekiko behar estrukturala izan daiteke.
ELAko BATZORDE ERAGILEA