ELAk arbuiatu egin du EITBko Administrazio Kontseiluak Eusko Irratirako erregulazio espedienteari eutsi izana
Bestalde, ELAk salatu du Administrazio Kontseiluak ez diola soilik Zentroarteko Batzordearen eskariari uko egiten; izan ere, Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurak ere pasa den otsailaren 5ean egindako eskariari ere ez dio kasorik egin, Legebiltzarrak ere EEEa berehala bertan behera uztea exijitu baitzion.
Honi gehitu behar zaio Administrazio Kontseiluak langileen borondateari muzin egiten diola; hauen gehiengoak atzo Zentroarteko Batzordeko gehiengoak (ELA, ESK eta CCOO; LAB izan zen aurkako sindikatu bakarra) deituriko greba deialdiarekin bat egin zuen.
ELAren iritziz atzo Administrazio Kontseiluan hartutako erabakia, hots, “EITB Taldeko sozieetateetako plantilla estrukturala aztertu eta negoziatzea”, kea baino ez da. Izan ere, 2010etik hona EITB Taldean 173 lanpostu suntsitu baitira, hots, %15etik gora. Kopuru honi gehitu behar zaizkio Eusko Irratian zuzendaritzak inposatutako EEE bidez kenduko dituzten 30 lanpostuak.
ELAk gogora ekarri nahi du Maite Iturbek EEE honekin jarraitzeko hartu duen erabakia, pasa den apirilaren 29an Administrazio Kontseiluak onartutako akordioaren ondorioa dela. EAJ-PNV, EH-Bildu, LAB eta Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindiako kideek hartutako erabakia hain zuzen ere. Hura ere Eusko Irratiko Zentroarteko Batzordeko ordezkariek ez zuten onartu.