5/2002 Errege Dekretuaren azterketa genero-ikuspegitik

2002/07/22
Espainiako Gobernuak egindako langabeziaren erreformaren dekretuak “pobreziaren feminizazioa” areagotuko du
Itxuraz neutroa den arren, Dekretua genero-ikuspegitik aztertuz gero honakoa erakutsiko digu: berdintasun-traza faltsu horrek hasiera-hasieratik dauden ezberdintasunak ezkutatu baino ez dituela egiten. Emakumeentzat are kaltegarriagoak dira, horrenbestez, Dekretuan ageri diren neurriak. Kontuan izanik hasieratik dela diskriminatzailea egoera eta langabezian dauden hiru lagunetik bi emakumezkoak direla (langabe emakumezkoez ari gara, beraz, batez ere), emakumezkoei eragingo die batik bat honako Dekretu honek. - Are gehiago sakontzen ditu Dekretuak honako hauen arteko desberdintasunak: enplegu egonkorra dutenen eta hainbat arrazoi direla medio –sexua (emakumezko izatea), adina (gaztea edo 45 urtetik gorakoa izatea), jatorria (inmigrantea edo itzulitako emigrantea izatea) edo minusbaliotasuna– behin-behineko enplegua dutenen (edo enplegua aurkitzeko edo lanari eusteko zailtasunak dituztenen) artekoak. - Enplegu are ezegonkorragoak onartu beharko dituzte aurrerantzean aipatu taldeek, edo langabezia-prestaziorik gabe geratuko dira lan-ezean dauden bitartean. Erabateko enpleguaren ordez –hori lortu nahi dutela diote– badirudi beste helburu honen atzetik dabiltzala: gobernuak eta enpresariek dirua nola aurreztuko. - Gastu publikoa murrizteaz gain, langileen langabezia-kotizazioen diruaren zati bat enpresarien eskuetara bideratzen du, soldata-kostuetarako diru-laguntzen bidez. - Lan-merkatuan egoera ahulenean daudenen eskubideak murriztu, laneko behin-behinekotasuna areagotu eta soldatak gutxitu egiten ditu, baita babes sozialaren maila murriztu ere. Sendotu egiten da, hortaz, aurreko lan-erreformak hasitako joera. - Lehendik ere lan-merkatuan emakumezkoek pairatzen dituzten diskriminazioak areagotu egingo dituzte dekretuaren neurriek: enplegua aurkitzeko edo horri eusteko zailtasunak, laneko erantzukizunak eta familiakoak elkarrekin uztartzeko arazoak. - Emakumezkoak lan-merkatura heltzeko eta hortik irteteko eragina duten faktoreen (hezkuntza, kultura, ordaindu gabeko lanaren eragina, bazterketa, soldata-diskriminazioa, emakumezkoena bigarren soldata gisa ikustea, pribatizazioa, zerbitzurik eza...) azterketa integrala eginez gero, Dekretu honen edukiak eragin oso kaltegarria izango du, batez ere bikotekiderik gabe eta karga familiarrekin bizi diren emakumeengan, are okerragoa egingo baitu gaur egun duten pobrezia-egoera. - Areagotu egingo dute emakumezkoen enpleguaren behin-behinekotasuna. Izan ere, neurri berri hauek sustatu egiten dute aldi baterako kontratazioa, denboraldi partzialeko kontratazioa, lankidetza sozialeko kontratuak egitea eta, oro har, zabor-kontratuak deritzenak. Halaber, lana eta familia elkarrekin bateragarri izateko zailtasunak handitu egiten ditu Dekretuak. - Babes sozialaren maila jaistearekin batera igo egingo da emakumezkoen pobrezia-maila, gaur egungo soldata-diskriminazioari beste diru-diskriminazio-faktore bat erantsi beharko baitzaio: langabezia-prestazioak murriztea edo ez ematea eta tramitazio-soldatak kentzea bidegabeko iraizpen (despido) kasuetan. Emakumezkoengan aparteko eragina izango duten Langabeziaren aurkako Babes Sistemaren Erreformarako Errege Dekretuaren hainbat neurri azpimarratuko ditugu segidan: * Kobratzen ari den langabezia-prestazioa kendu egingo diotela mehatxupean edozein lan-kontratu, edozein baldintzatan, sinatzeko exijentzia, baldin eta onartzen ez badu eskaintzen dioten lana. Jakina, faktore horiek guztiak kontuan hartuta (lanera urrutira joan beharra, lanaldi partzialeko kontratua, soldataren % 20 joan-etorrietan gastatu beharra, zerbitzurik gabe...) emakume askok enplegua ez onartzea erabakiko dute. Ez dezagun ahantzi lehendik ere emakumezkoek pairatzen dituztela behin-behinekotasun tasa handienak. * Mugigarritasun geografikoa Lan-merkatura sartu nahian dabiltzan emakumezkoei atzera eragiteko neurria da honakoa. Izan ere, etxeko lanak egiterik ez badaukate; seme-alabak, gurasoak, senitarteko ezinduak zaintzerik ez badaukate, zerbitzu publikorik eskaintzen ez bazaie, soldata txikiak ordaintzen bazaizkie..., emakumezkoek eurek esango diote ezezkoa enpleguari. * ‘Lanpostu egokia’ kontzeptua malgutzea: behin-behinekotasuna areagotzea Edozein lanposturi nahitaez baietz esan behar horrek honako ondorioak ekarriko ditu: behin-behineko kontratuak, lanaldi partzialekoak, soldata txikiak, ordutegi ez-finkoak (txandakako lanaldiak, ordutegi irregularrak...) onartu beharra. Are okerragoa izango da egoera emakumezkoentzat, zerbitzu sozial/komunitariorik ez baitago apenas, edo daudenak oso garestiak dira. Bestalde, langabezia-prestazioak jasotzen diren bitartean birziklapen profesionalerako aukerak ere (enplegua hobea eta hobeto ordaindua lortzeko aukera, alegia) kendu egiten ditu Dekretuak. * Mugigarritasun funtzional profesionala deritzonak, berriz, honakoa ekarriko du praktikan: langileak duen prestakuntza profesionalaz azpiko enpleguak onartu beharra. Lanbide-bereizketa du ezaugarrietako bat emakumezkoen enpleguak (lana daukaten emakumezkoen % 84,4k zerbitzuen sektorean egiten dute, behe-mailako kategorietan). Ahal duten lanpostua eskuratzen dute gehienetan emakumeek, ez nahi lituzketenak edo prestakuntzaren arabera dagozkienak. Horrenbestez, lan-eskalako lanpostu txarrenak eta soldata txikienak hartzera behartzen ditu emakumezkoak bereizketa edo diskriminazio horrek. Dekretu berriak ez du egoera zuzentzen: edozein lanpostu-mota onartu beharrak areagotu egingo du diskriminaziorako joera. Iraizpena merkatu egiten du, langabezian bidegabeko iraizpenagatik geratuz gero ordaintzen ziren tramitazio-soldatak kendu egiten baititu. Enpresak bidegabeko iraizpena egin eta kaleratutako langilea berriro ez hartzea erabakitzen zuenean ordaintzen zen tramitazio-soldata (langabezia-prestazioa kobratzen hasi bitartekoa) kentzeak honako ondorioak dakartza: iraizpena merkatzea eta malgutzea; langileak gutxiago kotizatzea eta, ondorioz, babes soziala gutxitzea (amatasun-bajak, langabezia-, ezintasun- edo erretiro-prestazioak murriztea). Emakumezkoengan izango du eragin handiena babes sozialaren gutxitzeak, eurek pairatzen baitituzte gehienbat behin-behinekotasuna, lanaldi partzialeko kontratuak, denbora gutxiagoz kotizatu izana... Bestalde, enplegu-egonkortasunaren ordez behin-behineko kontratazioa sustatzen du Dekretuak. Eta horixe da hain justu emakumeei kalte handiena egiten dien laneko ezegonkortasunaren faktore nagusietako bat. Esperientziak dioskunez, enpresek langileak kaleratzen dituztenean emakumezkoak kanporatzen dituzte lehenbizi. Bestalde, merkeagoa izaten zaie enpresei emakumezkoak kaleratzea gizonezkoak baino. Beraz, giza talde honetan izango du eragin handiena Dekretuak eta are gehiago ‘emetuko’ da pobrezia. Emakumezkoen babes sozialaren maila are gehiago murriztuko du Dekretuak: are zailagoa izango zaie langabezia-prestazioa lortzea, iraupen laburragoa izango du eta, gainera, erretiro-prestazioetan ere eragin kaltegarria izango du. Aldizkako kontratu finkoa duten langileen babesa gutxitu egiten du. Urtean hainbat hilabetez jarduerarik gabe egoten diren sektore eta enpresetako langileei eragingo die, lanean ari diren bitartean soldata eta lanik gabe daudenean langabezia-prestazioa jasotzen dutenei. Erreforma honek agintzen duenez, 2001eko uztailaz geroztik (iazko erreforma-legea indarrean sartu zenetik) kontratua sinatuta dutenek ez du langabezia-prestazioa kobratzeko eskubiderik izango lanik egiten ez duen hilabeteetan. Ostalaritzan eta irakaskuntzan izango du –batik bat– eragina erreformak, biak ere emakume asko enplegatzen duten sektoreak, tankera honetako kontratuak maiz erabiltzen dituztenak. Gizarteratze-errenta aktiboaren programa Lanik gabe eta premia ekonomiko zein lana aurkitzeko zailtasun bereziak dituztenentzat da programa hau: 45 urtetik gorakoak, enplegu-bulegoan 12 hilabete jarraian edo gehiago izena emana dutenak, langabezia-prestazio edo laguntzarik jasotzeko eskubiderik ez dutenak, lanbide arteko gutxieneko soldataren %75etik gorako hileroko errentarik (edonolakorik) jasotzen ez dutenak, % 33ko edo hortik gorako minusbaliaren bat dutenak, etxera itzulitako emigranteak eta etxe barruko biolentziaren biktima izan direnak (dagokion administrazioaren egiaztagiria dutenak eta enplegu-eskatzaile gisara izena emana dutenak), baldintzak betetzen badituzte betiere. Errege Dekretuak ez du zehazten zer ote den dagokion administrazioak etxe barruko biolentziaren biktima-egiaztagiria ematea. Dirudienez, ez da erraza izango egiaztagiri hori eskuratzea. Bistakoa da tratu txarrak jaso izan dituzten emakumeen gainzailtasunak ez direla neurri hauen bitartez gaindituko. Gobernuak dioenez, lanik gabe daudenek nahiago dute langabezia-prestazioak eskatu lana bilatu baino. Baina aipatu ditugun giza talde horiei duintasunezko enplegurik ez zaie eskaintzen. Aurreko 24 hilabeteko epean seme-alabarik izan duen emakumea kontratatzen duten enpresek urtebetez Gizarte Segurantzaren kostuak ordaindu beharrik ez daukate Neurri horien baldintza-eremuak zabaldu egiten ditu Dekretuak. Baina, esperientziak dioskunez, langilearen amatasunagatik enpresek Gizarte Segurantzari kotizazioak ordaindu behar ez izate horrek (zero-kostuko neurriek) ez du gai hori dela-eta sortzen den diskriminazioa ezabatzea lortu.