Confebaskek bere interesen aldeko ez den guztiari eraso egiten dio
ELAk salatu egin du Confebasken jarrera, honek EAEko Goi-Auzitegiaren aurka egin baitu kalteordainetan zegoen diskriminazio egoera zuzentzeko epai europarrak betetzeko ebazpenak emateagatik.
Confebaskeko patronalek lehenago ere epai judizialak auzitan jarri izan dituzte. Esaterako, iritzi gordinak adierazi zituzten zenbait enplegu-erregulazio espediente bertan behera utzi zituzten auzitegiei buruz. Ausartu ziren esatera erreformak ez zirela egin epaileek enpresarioen erabakiak aldarazteko, eta epaile batzuk “prebarikatzen” ari zirela.
Confebaskek honela jokatzen du bi arrazoirengatik: badakielako erreformak eman dizkion abantailak -“ez duela negoziatu beharrik” esan du-, eta ziur delako gobernuek, baita Eusko Jaurlaritzak ere, emango dioten babesaz.
ELAren iritziz patronalaren benetako asmoa auzitegiari egindako kritika injustutik harago doa: beste erreforma laboral bat nahi du, besteak beste kalteordainak merkatzeko.
Sindikatuak dei egiten die eragindako langile guztiei auzitegietara jo dezaten kalteordainak jasotzeko duten eskubidearen alde egiteko; hain zuzen patronalak eta administrazioek ukatu nahi dieten eskubidea.