ELAk hitzarmen kolektiboa sinatu du 26 urteren ondoren, soldatak %60tik gora eguneratuta
Gipuzkoako altzarigintzako sektoreak berriro izango du hitzarmen kolektiboa, 26 urteren ondoren. ELAk sinatu du hitzarmena, Adegi eta Arotzgi patronalek aurkeztutako azken proposamena baloratu ostean. Horrela, 2000. urteaz geroztik eguneratu gabe zegoen eta oraindik pezetatan idatzita zegoen testua berritu da. ELAk gehiengoa du negoziazio mahaian (10 ELA, 5 LAB, 1 UGT).
Lortutako hobekuntzen artean, nabarmentzekoa da soldata taulen eguneraketa. Izan ere, azken 26 urteetan metatutako KPI osoa txertatu da tauletan, eta horrek %60tik gorako igoera ekarri du. Horrez gain, hitzarmenak 2028ra arteko urteko soldata igoerak KPIaren arabera bermatzen ditu.
Bestalde, lanaldia 36 ordu murriztuko da modu progresiboan: 18 ordu 2027an eta beste 18 ordu 2028an.
Hitzarmenak, halaber, ultraaktibitate mugagabea eta ez-aplikazio klausula jasotzen ditu, lan erreformen ondoren bereziki garrantzitsuak diren bi berme.
Hitzarmen berriak sektoreko langile guztientzako lan baldintzen gutxieneko esparru bat ezartzen du, eta oinarri izango da enpresaz enpresa baldintzak hobetzen jarraitzeko. Bereziki garrantzitsua izango da enpresa txiki eta ertainetan.