ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek aldarrikapena Parlamentura eraman dute
Gutxieneko soldata aberastasuna banatzeko eta pobreziari aurre egiteko tresna izan beharko litzateke, baina Estatuko gutxieneko soldatak ez du funtzio hori betetzen eta ez dator bat Nafarroako egitura sozioekonomikoarekin, ezta langile klaseak hauteskunde sindikaletan edo mobilizazioetan erakusten duen nahiarekin ere. Beste modu batera esanda, Estatuan LGS gisa ezarritako 1.184 euroak ez dira nahikoak eta ez dute pobreziatik irtetea bermatzen Nafarroan, ezta lanaldi osoa duten pertsonei ere.
ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek 2025eko hasieran martxan jarri zuten Nafarroak bere Gutxieneko Soldata ezarri ahal izateko dinamika. Horretarako, UGT, CCOO eta CEN gonbidatu ziren Hitzarmen Interprofesional bat sinatzera. Hala ere, hiru erakundeetako bat ere ez zen bilerara joan, jenderik zaurgarriena (pertsona migratuak, emakumeak, gazteak…) mesedetuko lituzkeen proposamen baten aurkako jarrera argia erakutsiz. Ildo beretik, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek salatu dute María Chivite presidenteak ekimen honen sustatzaileekin biltzeari uko egin ziola.
Helburu berarekin, Nafarroan Gutxieneko Soldata arautzeko eskumena lortzeko Herri Ekimen Legegilea martxan jartzeko prozedura abiatu zen, baina Parlamentuak ez zuen tramitera onartu argudiatuz arazo juridikoak zeudela.
Hala ere, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek ez dute amore emango Nafarroak LGS propioa ezarri ahal izatea lortzeko ahaleginean. Horregatik, udako hilabeteetan sinadura bilketa egin da, eta hiru hilabetetan 18.316 nafar langileren babesa lortu da. Kopuru horrek hirukoiztu egiten du Herri Ekimen Legegilea martxan jartzeko eskatzen den gutxieneko sinadura kopurua.
Gaur Parlamentuan bildutako sinadurak entregatu dira. Era berean, bilera eskaerak egin dizkiete talde parlamentario guztiei, VOXi izan ezik, Nafarroak Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko eskumena bere gain hartzea ahalbidetuko duen lege baten tramitazioa abiaraz dezaten.
Helburu horrekin bertan, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek giza kate bat egingo dute Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Parlamentua lotuko dituena, datorren abenduaren 11n, 11:00etan.