Mercadonak (Basauri) 11.677 euro ordaindu beharko dizkio kontziliazioa eskatu zuen langile bat zigortzeagatik
Mercadonak 11.677,35 euro ordaindu beharko dizkio Basauriko langile bati, Bilboko 12. Auzialdiko Epaitegiak enpresak haren oinarrizko eskubideak urratu zituela ebatzi ostean. Zenbateko horren barruan daude jaso ez zuen helburuengatiko 4.177,35 euroko prima eta, horrez gain, 7.500 euroko kalte-ordaina.
Ebazpenak frogatutzat jotzen du prima ez emateko erabakia lotuta egon zela langileak 2024an aurkeztutako erreklamazio judizialarekin. Izan ere, erreklamazio horren bidez, lanaldiaren murrizketa eta egokitzapena izateko zuen eskubidea defendatu zuen. Epaitegiaren arabera, zenbatekoa ordaintzeari uko egitea mendeku edo errepresalia izan zen, langileak babes judizial eraginkorra jasotzeko zuen eskubidea baliatu izanagatik; eskubide hori Espainiako Konstituzioaren 24. artikuluak babesten du.
Epaiak hainbat elkarrizketa jasotzen ditu, eta horietan enpresako arduradunek langilearen erreklamazio judiziala primaren kobrantzarekin lotu zuten. Frogatutako egitateen artean, honako aurpegiratu hauek jasotzen dira, besteak beste: “365 egunetan egon behar duzu, goiz eta arratsalde”; “Zuk prima bat jasotzea espero duzu (...) enpresa salatzen ari zarenean?”; edo “Guztiei opari bat egiten ari naiz, eta zuk niri salaketa jartzen didazu; nik zuri ere oparia egingo dizut?”.
ELAk salatu duenez, kasuak agerian uzten du Mercadonaren prima-sistema presio-mekanismo gisa erabil daitekeela lan-eskubide jakin batzuk baliatzen dituzten langileen aurka, bereziki kontziliazioarekin lotutako eskubideak erabiltzen dituztenen aurka eta, bereziki, emakumeen aurka.