Confebaskek lan-harreman are desarautuagoak finkatu nahi ditu
Hala salatu du gure sindikatuak gaur eguerdian Bilbon egin duen agerraldi publikoan; bertan izan dira Adolfo Muñoz idazkari nagusia eta Ioseba Villarreal negoziazio kolektiboko arduraduna. Muñozek salatu du bere proposamenarekin Confebaskek iraganera itzuli nahi duela. “Confebaskek iraganera itzularazi nahi gaituen eredu berri bat aldezten du, non enpresen aldebakarreko borondateak neurrira egindako lege inbolutiboen babesa duen; horrela ugazabek soldatekin eta lan-baldintzekin etengabe doikuntza egiteko aukera dute. Helburu bakarra, eufemismoz apaindua izanagatik ere, akziodunaren errentagarritasuna, etekina, bihurtzen da”.
Gainera, esan du Muñozek, “Confebasken lan-harreman eredua enpresa handiei, korporazioei eta multinazionalei komeni zaie; hain zuzen, Estatuan erreformen aitzindari direnei, zeinek gogoan helburu bakarra duten: akziodunen etekina maximizatzea; hartara, horri aurre egiten dion edozer, sindikatuak barne, deuseztatu beharra dago”.
Muñozek nabarmendu du ELAk errealitate lazgarri bati egin nahi diola aurre: "Badakigu sindikalismoarentzat gaur eta etorkizunean antolakuntza zein garrantzitsua den. Gu ziur gaude, aurreko guztia ikusita, lan-baldintza duinak lantokietan sindikatuak duen presentziaren araberakoak izango direla".
Bestalde, Ioseba Villarrealen arabera, bi tresna lirateke patronalaren asmoak geldiarazteko gauza: Gobernuen politika eta botere sindikala. “Lehenari dagokionez, gobernuek baztertu egin dute patronala beste oreka bat ezartzera behartzeko aukera; sarri askotan ikusi dugu. Erreformen edukiak agerian uzten du hori. Gainera, duela gutxi euskal esparruan Eusko Jaurlaritzak babesa eman zion Confebaski, patronalak Madrilera igorri zuen agiri batean ELA eta LABi sindikatu izaera kentzeko prozedura ezar zedila eskatu ondoren. Gasteizko gobernuak ez zuen aintzat hartu izan nahi horrelako eskari baten esanahia, eta Confebasken jarrera zuritu zuen, delako Elkarrizketa Sozialeko Mahaian eserraraziaz”.
“Bigarren tresna, noski, borroka sindikal antolatua da", gaineratu zuen Villarrealek; "pairatu ditugun erreformak eta arestian aipatu dugun gobernuen kolaborazioak sindikatuok behartu egiten gaituzte ildo hori jorratzera. Langileon antolakuntzak patronalaren helburuei aurre egitea ahalbidetzen digu".