Irailaren 17an eta 18an mobilizazio gehiago eta "Zaintzaldia" hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa salatzeko
ELAk ekintza eta mobilizazio gehiago deitu ditu irailaren 17 eta 18rako, Zinemaldiarekin bat egiten duten bi egun hauetan "Zaintzaldia" ekimena gauzatuko dute sektoreko langileek. ELAk Zaintzaldia, Gipuzkoako egoitzen zinema jaialdia, aurkeztu du gaur goizean Donostian. Lehenengo egunean grebalariek hainbat jarduera egingo dituzte, atxikimenduak bildu, gatazkaren berri eman, sariak banatu, etab. 18an manifestazio bat egingo dute Donostiako kaleetan zehar.
Hitzarmena berritzeko negoziazio-mahaia 2025eko urtarrilean hasi zen, eta ekainetik hainbat bilera egin ondoren, berriro blokeatuta dago, patronalek ez baitute proposamen berririk egiteko gaitasunik.
Foru Aldundiak abian jarritako aldebiko bilerek ez dute emaitzarik izan, hutsalak izan dira, edukirik gabekoak; eta proposamenik gabe. Hori gutxi balitz, greba mugagabean dauden Zaintzen edo Biharko Gipuzkoa zentroetan grebalariak kaleratu dituzte; ELArentzat hori "oso larria" da, eta sindikatuak adierazi du ez duela onartuko jazarpen sindikalik. Lan baldintza hobeak eta zerbitzu hobe bat lortzeko borroka da hau. Halaber, ELAk erakundeen errespetua eta babesa eskatu du.
Egoera honen aurrean ELAk Foru Aldundiari, propaganda egiteari utzi eta benetako esku-hartzea eta prekaritatearekin amaituko duen hitzarmen bat bideratzeko ekimena eta baliabideak mahai gainean jartzeko eskatu dio.
Sektorean 5.000 langile inguruk lan egiten dute, gehienak emakumeak. Foru Aldundiak finantzatutako zerbitzua da, baina langile gehienak pribatizatuta daude, eta gero eta egoera prekarioagoa dute.