Euskaraz aritzeko eskubidea lehen aldiz Mahai Orokorrean bermatua egotea lortu du ELAk
Euskaraz lan eta bizitzeko eskubidean aurrera pausu bat emateko helburuarekin, ELA sindikatuak mahai negoziatzaileetan euskaraz egingo zuela adierazi zuen publikoki uda aurretik. Hartara, gainontzeko sindikatu eta patronalak bilera batetara deitu zituen, negoziazio sektorialetan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzeko neurriak adostu nahian.
Administrazioa denean mahai negoziatzailearen beste aldean dagoen agentea, asmo berbera adierazi zuen sindikatuak, euskaraz aritzekoa. Alabaina, ELAren ustetan administrazioa ez da soilik negoziazioan parte bat. Botere politikoa ordezkatzen duen heinean, nafarron hizkuntza eskubideak errespetatu beharko lituzkeela deritzo; zentzu horretan, sindikatuak ez zuen soilik euskaraz egiteko eskubidea defendatu, administrazioak bere komunikazioak euskaraz ere egin zitzan eskatu zion.
Hori dela eta, gaurko Mahi Orokorreko bileran ELAk parte hartzeak euskaraz egingo zituela jakinarazi zien gainontzeko sindikatuei eta Gobernuari, eta itzulpen zerbitzua jar zezala eskatu zion Funtzio Publikoari. Horren ondorioz, lehen aldiz, Euskarabideko itzultzaile bat egon da bileran, gaztelerara itzultzen euskaraz egindako parte hartzeak. Honetaz gain, Administrazioak entregatutako dokumentazioa elebitan zegoen.
Nafarroako Gobernuak orain egin duena hizkuntz-eskubideak errespetatzea izan da, besterik ez. Zapalkuntza sistematikoa denean ordea, hau bezalako keinu bat garaipen txiki bat dela uste du ELA sindikatuak, beti ere Nafarroako Gobernuak aurrerantzean hizkuntza eskubideak errespetatzen baditu.